Aitzol Etxaburu ondarrutarra espetxez aldatu dute
Aitzol Etxaburu Artetxe preso politiko ondarrutarra Clairvaix-eko (Frantzia) espetxera lekuz aldatu dutela agertu dute haren senideek. 2009ko abuztuan Alpeetan atxilotu zutenetik Fleury-Merogis-eko (Frantzia) espetxean egon da ondarrutarra, behin-behin...
Senideek nabarmendu dutenez, aspalditik espero zuten berria izan da. «2014ko otsailean epaitu eta zigortua izan zenean, orduantxe esan ziguten kartzelaz aldatuko zutela. Orain arte atxiloaldi prebentiboan egon da, eta behin kondena jakinda, noiz aldatuko zuten zain geunden», azaldu du Amaia Etxaburu presoaren arrebak.
Hain zuzen ere, zortzi urteko zigorra ezarri zion iaz Parisko epaitegiak, «lehergailuak egin eta ETA erakundeak Frantziako hegoaldean zituen zuloen kudeaketaz arduratzea» leporatuta.
Askosaz urrutiago
Senideen arabera, aldaketa espero baino beranduago ailegatu da. «Hasiera batean bederatzi hilabeteko epean kartzelaz aldatuko zutela esan ziguten, baina epe hori ondo pasata egin da aldaketa. Aurreko hilabetean eman zioten norako berria, eta martitzenean aldatu egingo zutela esan zioten».
Etxaburu herenegun ailegatu zen kartzela berrira, eta hara heldu orduko etxekoei telefonotik deitzeko aukera izan zuen; ondo dagoela esan die senideei.
Kartzela aldaketa «onerako» izango dela uste dute preso ondarrutarraren senideek. «Orain arte Europatik bisita motzenak izan ditugu, ordu erdikoak, eta orain, bisita luzeagoak izango ditugula uste dugu. Bera ere egoera hobean egon daitekeela espero dugu. Besteak beste, jarduera gehiago egiteko aukera izan dezake».
Egoera hobetuko baldin bada ere, kartzela berria aurrekoa baino askosaz urrutiago dago, 125 kilometro hurrunago; Ondarroatik 970 kilometrora. «Bisitan joateko orduan guretzako bidaia luzeagoa eta garestiagoa izango da. Lehen nahikoa ondo komunikatuta zegoen, baina oraingo honetan ez dugu uste horrelako aukerarik izango dugunik».