Oleta: ohitura berriak errotzen, betikoei eutsiz
Bihar hasi eta astelehenera bitartean, Pazko jaiak ospatuko dituzte Oletan; ekintzaz ekintza, domekan Elizagoien ahizpekin egingo da erromeria, Euskal Herriko trikitilari txapeldunekin, hain zuzen ere.Bihartik hasi eta astelehenera bitartean Pazko jaie...
Bihar hasi eta astelehenera bitartean, Pazko jaiak ospatuko dituzte Oletan; ekintzaz ekintza, domekan Elizagoien ahizpekin egingo da erromeria, Euskal Herriko trikitilari txapeldunekin, hain zuzen ere.
Bihartik hasi eta astelehenera bitartean Pazko jaiez gozatzeko aukera egongo da Oleta auzoan. Jai batzordeko kideek herritar guztiak parte hartzera gonbidatu dituzte.Biharko eguna lagunartean hasiko dute, zelaiaren bueltan egindako tortilla txapelketagaz. Gauean talde ezagunak ariko dira zelaiko oholtza gainean, eta horiekin batera, talde hasiberriek ere ezagutzera emateko lekua izango dute: Lekeitioko eta Amorotoko kideek osatutako Blup! taldeak, esaterako.
Kontzertuez gozatu nahi dutenek Gababus zerbitzua edukiko dute aukeran. Gainera, 22:00etatik 06:00etara, etengabeko autobus zerbitzua egongo da Lekeitiotik, Eskolapetik irtenda.
Beti-betikoak
Etzi beti-betiko ohituretara buelta egiteko tartea egongo da. Goizean euskal dantzak eta arratsaldean, Berriatuak eta Mendarok giza proba dema egingo dute. Iluntzean, ostera, euskal erromeria irudikatu nahi dutela nabarmendu dute antolatzaileek. Giroa alaitzen, Euskal Herriko trikitilari txapeldunak egongo dira.
Astelehenean ere ez da jairik faltako. Arratsaldean txikienen tartea izango da, eta gauean, betiko ohiturei eutsita, Egan taldearen kantaldia egongo da; jaietako klasiko bat. Gauerdian, ohitura den legez, gizonek eta emakumeek striptease-a egingo dute.
Gauean Oletara joan nahi dutenek Lekeitiotik autobus zerbitzu etengabea edukiko dute, 22:30etik gauerdira. Bueltarako ordua 02:30etik 04:00etara artekoa izango da.