Isuntza Arraun Elkarteak antolatuta, 30 traineru batu ziren atzo Lekeitioko uretan Gure Esku Dagoren I. Bandera jokatzeko. Emakumezkoen ligako traineruak eta gizonezkoen ACT, ARC1 eta ARC2 mailakoak jokatu zuten estropada. Erlojupekoak burutu zituzten lehenengo, eta iazko sailkapena izan zuten kontuan tandak osatzerakoan.
Hibaika eta Hondarribiko arraunlariak Gure Esku Dagoren banderekin. Argazkia: Koldo Leniz
11:00etan hasi zen estropada, emakumezkoen norgehiagokagaz. Lau traineru zeuden lehian, eta azkenean, Hibaikak lortu zuen denborarik onena egitea. Hibaikak 10 minutu 57segundo 46 zentesiman egin zuen erlojuaren kontrakoa. Bigarren Orio geratu zen Orio 10′ 58” 58 denbora eginez, hirugarrena Zarautz-Getaria izan zen (11´ 42´´ 96), eta laugarrena eta azkena Oiartzungo I. (12´ 36´´ 76).
Emakumezkoen ostean, gizonezkoak atera ziren uretara. Lehenengo erlojuz kontrakoa jokatu zuten 14 traineruk. Hondarribi B-k egin zuen denborarik onena Mundakaren kontra lehiatu zuen laugarren txandan. 20´42´´88 denbora egin zuen Hondarribik. Bigarren denborarik onena, berriz, Zarautzena izan zen. Zarautzko traineruak 20´45´´53 denbora egin zuen Deusturen kontra. Deustuk ere denbora bikaina lortu zuen, hirugarren onena, 20´51´´90 denbora eginez.
Hondarribiako arraunlariak Gure Esku Dagoren banderagaz. Argazkia: Gure Esku Dago
Erlojupekoaren ostean, lau traineruko hiru tanda jokatu zuten 12 traineruk, eta tandetan ere Hondarribikoak izan ziren nagusi. 1. Kaiku geratu zen bigarrena eta Bermeo hirugarren. San Pedrok, getariak, Portugaletek, San Juanek eta Zierbanak osatu zuten lehen zortziren arteko sailkapena.
Hiriburuetarako deia
Jai giroa egon zen goiz osoan Lekeition. Estropadaren ostean, Gure Esku Dagok antolatutako kalejira egin zen Talatik
Independentzia plazaraino, eta bertako kioskoan banatu zituzten sariak Gure Esku Dagoko,
Isuntzako, eta Lekeitioko Udaleko ordezkariek. Gure Esku Dagoren I: Banderak hartu zituzten Hibaikak eta Hondarribiak.
Lekeitioko Gure Esku Dago batzordeko kideek ere hartu zuten hitza. Arraunak eta Gure Esku Dagok antza handia zutela esan zuten. “Denok arraun egin ezean, ezingo baitugu aurrera egin. Talde lana da arrauna, eta talde lana da Gure Esku Dago. Borondate anitzek osatzen dute gure trainerua, eta traineru berean goaz helmugara arte”.
Jendea kalejiran Talatik plazara oihalekin. Argazkia: Koldo Leniz
Gure Esku Dago ez dela jaio aldarrikatzeko esan zuten, “gure aldarriarekin bat ia den-denek egiten
dute-eta”. Beraz, aldarria bera baino, erabaki hori zelan eta noiz gauzatu dela erronka azpimarratu zuten. “Eta horretara goaz. Erabakitzeko eskubidea daukagula esatetik, erabakia bera gauzatzera igaro nahi dugu orain”.
Erabakia gauzatu ahal izateko ekainaren 21ekoa dela hurrengo geltokia nabarmendu zuten Gure Esku Dagokoek. Horretarako,
euskal hiriburuak, Bilbo, Baiona, Donostia, Gasteiz eta Iruñea, horretarako borondatez lepo bete nahi dituzte. “Hemendik ere, herritar guztiei dei egin nahi diegu hiriburuetara joan eta egun horretan parte hartzera. Horrela lortuko baitugu gure bide orria osatzea: herritarren borondateak ehundu, horien artean adostu, eta azkenik erabaki”.
Argazkiak: Koldo Leniz
[nggallery ID=253]