Asteburuan eguraldiak gehiegirik lagundu ez baldin badu ere, Oletako jai batzordeko kideek asteburuan egon diren Pazko jaietan, oro har, jende asko batu dela iragarri dute. “Eguraldiak zer edo zer eragin digu, baina orokorrean, dena ondo joan da. Jendea denetik etorriĀ da, eta gustura gaude”.
Asteburuan tarteka euri zaparrada mardulak egin baditu ere, ez dute ekimenetan eraginĀ gehiegirik eduki. Denak ere normaltasunez egin ahal izan dira.
Zapatuko [ekainak 13] tortilla txapelketak eman zien hasiera jaiei, eta euria egin bazuen ere, kuadrilla bakoitzak ahal izan zuen modura amaitu zuen bere tortilla. “Hain justu, tortillak egiten ari ginela egin zuen denborarik txarrera. Euri asko egin zuen, eta ahal genuen modura toldopean egin behar izan genituen tortillak, bata bestearen ondoan”. Denetara, bederatzi izan ziren txapelketara aurkeztu zituzten tortillak.
Arta Nagusi dantza taldeko txikien saioa. Argazkia: Oletako jai batzordea
Tortillak lagun artean afaldu ostean, hasi ziren Blup!, Emon, Hesian eta Trikizio taldeen kontzertuak. Ordurako, euria atertu egin zuen, eta beste urte batez, jende asko batu zen zelaian. “Nahiz eta eguraldi eskasa iragarrita egon zer edo zer jende gutxiago etorri zen. Hala ere, plaza bete egin zen”.
Bateko zein besteko taldeek giro ona ekarri zuten erreka ondoko oholtza gainera, eta kontzertuez gozatu ahal izan zutenek lau musika taldeen doinuak dantzatu eta abesteko aukera izan zuten, jai giroa ordu txikiak arte luzatuz.
Atzo [ekainak 14] ere jende asko ibili zen Oletan. Eguraldia lagun, bazkal ordura arte jaiagaz gozatzeko aukerarik ez zen falta izan. Mezagaz hasi zuten eguna, eta ostean, Amorotoko Arta Nagusi dantza taldeko kideek hainbat dantza eskaini zituzten. Lehenengo eta behin, dantza taldeko mutilen txanda izan zen, eta ondoren, neskek dantzatu zuten. Denek batera Tuterako jotak dantzatzen amaitu zuten saioa. Beste urte batez, herritarrek eskainitako dantza saioa arrakastatsua izan zen.
Berriatuko giza proben taldea. Argazkia: Oletako jai batzordea
Arratsaldean, aldiz, Berriatuako eta Mendaroko gizon eta emakumeen arteko desafioa egin zen. “Aspaldikorik jende gehien etorri zen desafioa ikustera. Herri bateko zein besteko jarraitzaile asko etorri zen, eta sekulako giroa egon zen”. Orain hilabete inguru bi taldeek desafio berbera egin zuten Mendaron, eta atzo Mendarok dema berdintzeko aukera izan zuen. Harriari tiraka egiten lehenak berriatuarrak izan ziren, eta haiek lanak amaitu ondoren mendaroarren txanda izan zen. 56 plaza egin zituzten, berriatuarrek baino bost gehiago.
Elizagoien ahizpek eskainitako erromerian ere jendea gustura ibili zela nabarmendu dute jai batzordeko kideek. Euskal Herriko trikitilari txapeldunek zelai inguruetan bildutako guztiak dantzan ipini zituzten. “Domeka iluntzea zela igarri egin zen, eta jende gutxixeago egon bazen ere, gustura ibili ginen denok. Gelditu zenak ondo pasatzeko aukera izan zuen”.
Jaiak, ordea, ez dira oraindik amaitu. Jaien azken txanpan sartuta zer ospatua badago gaur [ekainak 15], eta goizaldeko ekimenekin amaituko dira. 17:30etik hasita, haur eta gazteentzako ohe elastikoak, puzgarri erraldoiak eta jolasak egongo dira.
Umeak puzgarrietan jolasten
Gauean, ohi modura, Egan taldeak agurtuko ditu jaiak. 23:00etan hasiko da kontzertua, eta 00:45ean atsedenaldia egingo dute. Tarte horretan, jaietako klasiko bat egongo da: gizon eta emakume
striptease-a. Gauean Oletara joan nahi dutenentzat Lekeitioko Eskolapetik irtenda autobus zerbitzua egongo da: 22:30etik 00:00etara. Buelta egiteko 02:30etik 04:00etara ere autobusa egongo da.
Jai batzordeko kideek, gainera, jaietan egindako zozketaren zenbaki sarituen berri eman dute. Saritua ekainaren 26rako agertzen ez bada, ordezko zenbakiarentzat izango da saria.
- 1. saria (Kantabriako landetxe batean asteburu pasako egonaldia). 1.295 (ordezkoa, 1.050).
- 2. saria (urdaiazpiko bat). 1.029 (ordezkoa 1.632).
- 3. saria (arro ondu ardo kaxa bat). 1.985 (ordezkoa 2.319).