Markina-Xemeingo taldeari 2-1 irabazi ostean, Berriatuko zesta-punta eskolak eskuratu du Bizkaiko Herriarteko XX. Txapelketa. Azken lau urteotan txapelketako finalean egoteko aukerak ihes egin eta gero, pozik jantzi dute txapela berriro berriatuarrek. “Honako honekin hamabigarren aldiz lortu dugu txapela”, nabarmendu zuen Roberto Lekue Berriatuko arduradun eta hautatzaileak.

XX. Bizkaiko Herriarteko Txapelketako sariketa
Finalak bariku [ekainak 12] gauean jokatu ziren Berriatuko Mendibarren frontoian. Hiru mailatan jokatu zituzten: kadete, gazte eta nagusi mailan, hain zuzen ere.
Jokatzen lehenak kadeteak izan ziren. Markina-Xemeingo Goitiak eta Danelek partidan ondo baino hobeto aritu ziren, eta nahikoa erraz irabazi zien Berriatuko Lekuberi eta Oier Mugartegiri. Etxekoek ez zuten askorik asmatu, eta markina-xemeindarrek aukera guztiak aprobetxatu zituzten. Goitiak eta Danelek kantxan esperientzia handia dutela argi utzi zuten 30-8 irabaziz.

Berriatuko taldea txapelekin
Jokatzen bigarrenak nagusiak izan ziren. Berriatuko Antxon eta Lekuek 35-23 irabazi zioten Markina-Xemeingo Arberi eta Zabalari. Orokorrean, bi bikoteek ondo jokatu zuten, eta Mendibarren frontoira hurreratutako ikusleek gozatzeko aukera izan zuten. Tanto ederrak eta luzeak jokatu zituzten.
Partida luzea eta gogorra jokatu zuten nagusiek. Hasieratik berriatuarrak ibili ziren aurretik, eta abantaila horri eutsi zioten partida osoan. Hasierako tantoetan huts asko egin zituzten markina-xemeindarrek, eta berriatuarren pare jartzea ez zen posible izan.
Bi taldeek puntu bana lortu eta gero, finala gazteek egiten zuten emaitzaren esku geratu zen. Final estua bezain zirraragarria izan zen, eta azken tantoetan erabaki zen aurtengo Herriarteko talde txapelduna.
Berdinketaz betetako partida izan zen, eta bi puntuko aldeagatik berriatuarrak nagusitu ziren. Unaxek eta Jonek 35-33 irabazi zioten Markina-Xemeingo Ibarluzeari eta Mandiolari. “Azken tantoak zirraragarruaj izan ziren. 26na berdinduta joan ziren, eta ostean, markina-xemeindarrek aurrea hartu zuten. 33-31 irabazten joan baziren ere, urduri jarri eta gure mutilek aurrea hartzea lortu zuten, partida bereganatuz”.