
Plazatik Gaztetxerako finala, Markina-Xemeingo Akerbeltz gaztetxean. Argazkia: Plazatik Gaztetxera
Eli Pagola Apezetxea eta Eñaut Martikorena Lizasok batu zuten puntu gehien Markina-Xemeinen jokatutako finalean, eta 120 gazte inguru elkartu ziren Akerbeltz gaztetxean finala entzuteko.
19:00etan igo ziren oholtzara aurreko asteetan jokatutako kanporaketetan sailkatu ziren zortzi bertsolariak, bikoteka: Aitor Salegi zestoarra eta Aitor Irastortza zaldibiarra, Eli Pagola eta Eñaut Martikorena hernaniarrak, Amaia Iturriotz eta Mikel Iturriotz urretxuarrak eta Gorka Maiz eta Aratz Igartzabal gabiriarrak. Plazatik gaztetxeran ohikoa den legez, agur bereziekin eman zioten hasiera saioari, eta oraingoan ere, ez zen falta izan kantuen bertsio, dantza mugimendu eta hizketarik.
Agurren ondoren, zortziko handiko gaiekin eman zitzaion hasiera saio puntuagarriari. Lehen ariketan Eli Pagolak eta Aratz Igartzabalek saio polita osatu zuten. Emakumeen bira zela eta, Markina-Xemeingo etapa antolatzeko bolondresak aurkitu ezinda zeuden kirol batzordeko bi kideren papeletik kantatu zuten. Emakume eta gizonezkoen kirolaren artean tirabiran ibili ziren.
Gero, zortziko txikiaren txanda etorri zen. Aitor Irastortza eta Eñaut Martikorenarena izan zen lan biribilena ariketa horretan. Santiago bidea egiten ari zen erromesaren papeletik Irastorza eta basolanetan zebilen baserritarra Martikorena. Azken horrek bere kotxearen ondoan aurkitu zuen erromesa lur jota. Umoretik bideratu zuten gaia, bertsoaldi polita osatuz.
Kopletako lanean berriz, Aitor Salegi eta Gorka Maizen bertsoek publikoa barrez lehertzen jarri zuten. Gaiaren arabera, Aitor Salegi Tailandiara joana zen oporretara, lagunari esan zionez. Gorka Maiz berriz, Dominikar Errepublikara. Orioko kanpinean egin zuten topo. Puntu erantzunen ostean, oinak emanda eta azken aurreko puntua emanda kantatu zuten bertsolariek.
Buruz burukoen aurretiko azken ariketa bakarkakoa izan zen. Gaurkotasuneko gaiei heldu zien Mikel Iturriotzek ariketa horietan. Azken aurreko puntua emandakoan Gasteizko herri harresiari aipamena eginez eta bakarkakoan berriz, selektibitateko proba egiten dagoen ikasle baten larrutik.
Epaileek eta publikoak emandako puntuei esker Aitor Salegik eta Aitor Irastorzak eta Eli Pagolak eta Eñaut Martikorenak lortu zuten bigarren faserako pasea.
Buruz-burukoan, bi ariketa egin behar izan zituzten: hamarreko txikia eta kartzelako lana. Kartzelako lanean berezitasun bat egon zen: gaia gaijartzaileak eman beharrean abesti bat entzun zuten bertsolariek eta bertaratutakoek: Berri Txarrak taldearen
Oihu. Eli Pagolak abestiaren letratik bideratu zuen bertsoaldia. Aitorrek, aldiz, musika taldeko kide baten papela hartu zuen, euskaraz abesteko egindako erabakia arrazoituz. Lan puntuagarriak bukatuta, Eli Pagola eta Eñaut Martikorenak osatutakoa izan zen XIV.Plazatik Gaztetxerako bikote txapelduna.

120 lagun elkartu ziren finala ikusteko. Argazkia: Plazatik Gaztetxera
Bertsolarien agurrek eta esker oneko txalo zaparradek eman zioten bukaera saioari.
Egun osoko jaia
XIV. Plazatik Gaztetxeko finala baina, egun osoko jaia izan zen, eta egitarauagaz oparoa prestatu zuten txapelketa antolatzen ibili diren zazpi gazte asanbladek.
12:00ak pasatuta hasi zuten festa Markina-Xemeingo kaleetan zehar bertso triki poteoa eginez. Maialen Alkizu, Jon Gurrutxaga, Maider Arregi eta Gemma Urteaga bertsolariek egin zuten kantuan txokoz txoko. Ibilaldia amaituta, gaztetxerako bidea hartu zuten gazteek Markina-Xemeingo Gazte Asanbladak prestatutako bazkaria jateko.
Bazkalostean ere ez zuten denborarik galdu. Soraluzeko Gazte Asanbladakoek eramandako jolasei esker, kantu, hitz ezkutu, bertso imintzio eta barre algarekin girotu zuten finala hasi arteko tartea.
Behin finala amaituta ere aurrera egin zuen jaiak. Herriko gazte asanbladakoek prestatutako ogitartekoekin indarrak berreskuratu eta Fan & Go erromeria taldeagaz gaua luzatzeko aukera izan zuten Akerbeltz gaztetxean geratu zirenek.