
Atzo gauean jendetza elkartu zen plazan.
Aurtengo jaiak amaituta Jai Batzordeak balorazio “oso ona” egin du, egun guztietan jende asko ibili delako, eta batik bat atzo gauean bildutako “jendetza” nabarmendu dute: “azken urteetan astelehen gauean gero eta jende gehiago elkartu gara, baina, atzokoa itzela izan da; kriston giroa egon zen”. Azaldu dutenez, urteak dira astelehen gauez hainbeste jende egon zela.
Hala, datorren urteko jaiak prestatzeko gogotsu daudela esan dute.
Bart Egan taldearen erromeriaren doinuekin kantuan eta dantzan ibili ziren. Eta gauerdi partean, gizonezkoen eta emakumezkoen strepteasak ikusten barre algara ederrak bota zituzten.
Bestalde, arratsaldean umeak primeran pasatu zuten puzgarri erraldoietan eta ohe elastikoetan saltoka, eta antolaturiko jolasetan parte hartzen.
Asteburu borobila
Bestalde,
asteburuan ere askotariko eskaintza egon da Oletako pazko jaietan. Zapatu iluntzean zazpi bat koadrillak hartu zuten parte tortilla txapelketan. Eguraldi goibelak pixka bat eragin zien, baina, gaueko kontzertuekin gozatzeko ez zen oztopo izan.
Hain zuzen ere, Blup, Emon eta Hesian taldeen emanaldiak eta Trikizioren erromeria ikustera jende asko animatu zen. Inguruko herrritar askok, gainera, Gababusa erabili zuten bertara hurbiltzeko eta etxera bueltatzeko.
Herenegun eguerdian Oletako zelaian bildu ziren udalerriko fededunak meza entzuteko. Ondoren, Amorotoko Arta Nagusia dantza taldearen saioaz gozatu zuten, eta Amaia eta Janire trikitilariak ibili ziren ingurua girotzen.
Bestalde, domeka arratsaldeko giza proba desafioak ikusmina sortu zuen. Herriko eta inguruetako bizilagunek bertatik bertara jarraitu zuten Berritxuko eta Mendaroko ordezkarien lehia. Aurrekoan, Berriatuan herrikoek irabazi zuten, eta oraingo honetan, Mendarokoak nagusitu ziren.
Asteburuko kronika, irakurgai.