Ispasterrek pauso garrantzitsua emango du erabakiaren bidean
Ispasterrez gain, Diman eta Goierriko 22 udalerritan egingo dute herri galdeketa 2016an. Anoetako eta San Mameseko zelaiguneak bertoko herritarren atxikimenduek josi dituzteErabakiaren aroari «beste bultzada bat» emateko garaia dela nabarmendu dute G...
Ispasterrez gain, Diman eta Goierriko 22 udalerritan egingo dute herri galdeketa 2016an. Anoetako eta San Mameseko zelaiguneak bertoko herritarren atxikimenduek josi dituzte
Erabakiaren aroari «beste bultzada bat» emateko garaia dela nabarmendu dute Gure Esku Dago herri ekimeneko arduradunek. Horren harira, 2016an herri galdeketa bateratuak egingo dituzte hainbat udalerritan. Goierriko 22 herrietan, ez eze, Ispasterren eta Diman ere erabakiaren bidean pausoak ematen jarraituko dutela iragarri zuten herenegun San Mamesen egindako ekitaldiaren azken txanpan.Zelai Nikolas herri dinamikaren bozeramaleak Bilbon emandako mezuaren arabera, herritarrei begira ez ezik, «erabakiari berari begira» jartzeko garaia ere bada. «Guztion borondateek ehundu duten hautetsontzi horri begira jarri gara milaka euskal herritar. Abiapuntu horretatik, erabakiaren aroa hasi dugu».
Iaz Etxarri Aranatzen eta Arrankudiagan Euskal Herriaren independentzia eta euskal estatuari buruz egindako lehenengo galdeketak oso arrakastatsuak izan ziren, eta, orain, esperientzia errepikatu egingo dute.
Milaka lagun
Aste luzez herririk herri eta auzorik auzo josten aritutako oihalak elkarrekin batu, eta euskal herritarren erabakitzeko eskubidearen aldeko beste indar erakustaldi bat egin zuten milaka lagunek herenegun Bilbon, Donostian, Gasteizen, Iruñean eta Baionan.
Denek ere, borondate ezberdinak batu eta Gure Esku Dago herri dinamikak egindako deiagaz bat egin zuten. Emozioz, irribarrez eta pozez beteriko egun handia izan zen.
Lea-Artibaiko eta Busturialdeko herritarrak Bilbon batu ziren, eta Mutrikukoak, berriz, Donostian. Oihal kalejirek bete zituzten bi hiriburuak eguerdi aldean. Bilbon, esaterako, Areatza eta Euskalduna arteko bidea oihalez josi zuten, eta Donostian, ordea, Urumea ibai ondoko sei zubiak punta batetik bestera lotu zituzten.
Kaleak ez eze, Anoetako eta San Mameseko zelaiguneak hainbat norbanakoren atxikimendu pertsonalekin osatutako oihal koloretsuez bete ziren arratsaldean, itxura zirraragarria, ederra eta momentu historikoak erakutsiz.
Futbol estadioak espero modura bete ez baziren ere, erabakiaren aroa hasita dagoela ozen aldarrikatu zuten giro onean harmailetan batutako milaka lagunek. Hala eta guztiz ere, eguneko beste helburua betetzea lortu zuten; hautetsontzi erraldoiak osatzea, alegia.