Mutrikuko Udal Ongizate batzordeak eskatuta, herriko biztanleriaren gizarte eta hezkuntza arloko beharren diagnostikoa deritzona eratu dute
Kalexka elkarteko kideek. Egitasmoak guztira, bi fase ditu: bata, lau hilabete eta erdiren ondoren jasotako ia 100 orrialdeko txostena, eta bestea, etorkizunean egin beharreko eskuhartze programa.
Atxurra, Iparragirre, Garate eta Uranga, aurreko asteko aurkezpenean
Egitasmoari dagokionez, udalak eta herritarrek aspalditik buruan zerabilten kezka bati erantzuna ematea izan da. Hain zuzen ere, herriko gazteen arteko ikasketa porrotak eta horiek duten kale giroak mutrikuar asko kezkatzen zituela jabetu ziren Ongizate batzordeko kideak. Gai hori mahai gainean ipini eta zer edo zer egiteko garaia zela iruditu zitzaiela aipatu zuen aurreko asteko aurkezpenean Arrate Uranga Mutrikuko Politika Sozialeko buru ohiak.
Hori guztia kontutan edukita, eta arazo horiei guztiei heziketaren bidetik etorkizunean irtenbide bat emateko, herritarrek dituzten ohituren inguruko azterketa egitea erabaki zela nabarmendu zuen Urangak. “Ongizate sailean hainbat urte daramate Kalexka elkartearekin lanean, eta egitasmoa ere euren esku uztea erabaki genuen. 2014an hasi ginen Kalexkarekin hitz egiten, zer ahal genuen egin eta gure kezkak azaltzen, eta honen inguruko apustu bat egitea pentsatu genuen”.
Atxurra, Iparragirre eta Garate egindako txostenarekin eskuetan
Txostenari dagokionez, berriz, urte hasieran hasi ziren berau osatzen Kemen Atxurra, Julene Garate eta Axier Iparragirre Kalexkako kideak, eta lau hilabete eta erdiz eginkizun hori betetzen aritu dira.
Ikerketa egitea, bada, ez da lan erraza izan, eta berau “operatiboagoa” egiteko, faseka banatuta egin dute. Lehenik eta behin, ikertzaileak mutrikuarrak ez direla kontutan hartuta, herriko biztanleriaren irudirik egokiena marrazten saiatu ziren. Horretarako, iturri ezberdinetatik jasotako hainbat datu estatistiko eta kuantitabiko izan zituzten kontuan. Herritar eta kolektibo denen beharrak identifikatu beharra izan dute, eta horren guztiaren barruan, batez ere, zailtasun edo arrisku egoeran egon ahal diren kolektiboetan zentratu direla azpimarratu zuten Kalexkakoek.
Atxurra, Iparragirre eta Garate egindako txostenarekin eskuetan
Bigarren fasean, ordea, herriaren ezagutzan sakontzea tokatu zitzaien. Bertan dauden zerbitzu, baliabide eta komunitate eragile edo elkarteak ezagutu eta ordenatu zituzten, herrian bertan dauden eskaintzak ikusteko.Hori guztia egin eta gero, hirugarren fasean kaleko giroa bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten. Besteak beste, kaleko hainbat dinamiketan presente egon ziren eta bertan dauden fluxu sozial guztiak ezagutzen saiatu. Kalean hautemandako ikuspegi horretan sakontzeko, gainera, kolektibo, profesional eta eragile desberdinekin elkarrizketak egin zituzten hurrengo fasean. Guztira, 31 elkarrizketa egin zituzten, eta horiek ikerketari “balio erantsi handia” eman diotela ere nabarmendu zuten. “Kalean hautemandakoari benetako mamia eman diote. Azken finean eurak dira egunerokotasunean Mutrikuko herritarrekin lanean ari direnak, eta inork baino hobeto ezagutzen dituzte edo identifikatzen dituzte zeintzuk izan ahal diren behar sozio hezitzaile horiek”.
Elkarrizketatik jasotako informazio guztiak irizpide batzuen arabera sailkatu, antolatu eta ordenatzea izan zen hurrengo pausua. Horiek guztiak aztertu eta gero, lehendabiziko ondorio batzuk atera eta herritarren profesionalen aldetik sortutako eskaerak jaso zituzten.
Datu horiek jasota, berrirakurketa bat egin zuten. Hain zuzen ere, etorkizunean emango diren eskuhartzeak garatu ahal izateko, erreferente modura balio ahal izango duten orientazio batzuk definitu zituzten, ostean, jasotako datu, irizpide eta ondorio guztiekin txosten teknikoa idazteko.