Gazteen beharrizanei alternatibak ematen hasiko dira asteburuan, Lekeition
Dinamika berri bat jarri dute martxan Lekeitioko gazteek. Alternatiba Jardunaldiak antolatu dituzte, ideiak hartu eta dauzkaten beharrizanei erantzuten hastekoSustraiak mugituz mugimendua sustraitu lelopean dinamika berri bat jarri dute martxan Lekeiti...
Dinamika berri bat jarri dute martxan Lekeitioko gazteek. Alternatiba Jardunaldiak antolatu dituzte, ideiak hartu eta dauzkaten beharrizanei erantzuten hasteko
Sustraiak mugituz mugimendua sustraitu lelopean dinamika berri bat jarri dute martxan Lekeitioko gazteek. Proiektu ezberdinak martxan ipini eta gazte mugimenduari beste forma bat ematea dute asmoa. Dinamika udara artekoa izango da, eta Gazte Egunagaz amaituko dute. Astebururako Alternatiba Jardunaldiak antolatu dituzte.Bi taldetan banatuko dira gazteak. Talde bat herriko kuadrilla ezberdinekin batuko da, adin eta kuadrilla ezberdinetako gazteek Lekeition faltan botatzen dutena eta behar dutena zer den jakiteko. Beste taldeak, berriz, alternatibak bilatuko ditu. «Gazteon arazoak eta beharrizanak identifikatzetik haratago beste pauso bat eman behar dela ikusten dugu, eta arazo horri gure kabuz buelta zelan eman pentsatuko dugu». Horretarako antolatu dituzte Alternatiba Jardunaldiak, bai Lekeition bertan bai eta Euskal Herriko beste herri batzuetan martxan dauden alternatibak erakusteko helburuagaz. «Ideiak hartu eta adibideak ikusiko ditugu gazteok gure arazoei eta beharrizanei erantzun bat emateko gai garela konturatzeko».
Abuztuaren 8ko Gazte Eguna dinamikaren inflexio puntua izango dela azaldu dute gazteek. Ordura arte jasotzen dituzten gazteen premien berri emango dute. «Gazteek gehien faltan botatzen dutena zer den jakingo dugu, eta Gazte Eguna ospatuko dugu lehen zatiagaz amaitzeko».
Jardunaldiak
Orain dela lau urte ere diagnostiko bat egin zuten Lekeitioko gazteek herriko gazteen beharrizanak identifikatzeko. Diagnostiko hartatik atera zuten ondorio nagusia gazteak beharrizan asko zituztela izan zen, eta beharrizan horiei buelta ematen hasteko, tresna moduan ulertuta, gune bat falta zutela ikusten zuten: gaztetxea. Lau urte horietako aro hori amaituta, diagnostiko hori eguneratu egin nahi dute. «Gazte berriak, belaunaldi berriak daude, eta ea horrek ere arazo eta premia berak dituzten ikusi nahi dugu».
Arazoak «konpontzea» dute ideia eta ez «arazoiei buruz hitz egitea». Beraz, Lekeitioko gazteak beste pauso bat ematen hasiko dira: arazoak eta beharrizanak identifikatzetik konpontzera pasatuko dira. Bide horretan, alternatiba errealak erakusten hasiko dira datorren asteburuko jardunaldien bidez.
Gazteek dauzkaten arazo orokorrak landuko dituzte, etxebizitza, elikadura, sexualitatea eta drogak, beste gai batzuen artean, baina alternatibak bilatuz. «Alternatiba batzuk Lekeition bertan aurkitu ahal ditugu, elikaduraren gainekoa, esate baterako, edo Duindduz! dinamika bera lantzen ari den etxebizitzen gaia, beste batzuk kanpotik ekar ditzakegu, batzuk, gainera, gazteek aurrera daramatenak dira», azaldu dute.