Joan den astean eman zuten jakitera 35/02 auzian (‘Herriko tabernen’ auzia bezala ezagutua) Espainiako Auzitegi Gorenak emandako epaia. Auzitegi Nazionalak emandako sententzian zigortutako 111 elkarteetatik sumariotik kanpo utzi ditu lau, horien errekurtsoa onartu ostean. Dena den, 107 kultur elkarte zigortu ditu Gorenak; tartean, Lekeitioko Galarrena, Markina-Xemeingo Amaiur, Ondarroako Uxola eta Mutrikuko Zubixa. Beraz, horiek ere bahitzeko agindua berretsi du Auzitegi Gorenak.
Mutrikuko manifestazioa
Hamabi urte luze iraun ditu auziak, 2002an egin baitzuten Batasunaren kontrako polizia operazioa, eta 2014ko urrian hasi zen Batasunako kideen eta Euskal Herriko 120 kultur elkarteren kontrako epaiketa. 35/02 sumarioan epaitu zuten Isa Mandiola markinarra ere; 2014ko martxoan utzi zuten sumario horretatik kanpo.
Orain, Gorenak 700 orri baino gehiagotan emandako epaia esku artean, bide judizialak agortuko dituztela diote elkarteetako abokatuek.
Ondarroako elkartearen defentsa darama Andoni Hernandezek, eta
Lekeitioko eta Markina-Xemeingo elkarteetakoa Aitor Amutiok. Biek azaldu duetenez, epaia baliogabetzeko eskatuko diote Gorenari. Epaia berretsi duen sala berari eskatuko diote baliogabetzeko. Horrez gain, ezer ebatzi ostean elkarteen kontrako behin-behineko neurririk ez hartzeko ere eskatuko dute abokatuek. Epaiaren baliogabetasuna eskatzea derrigorrezko pausoa da, ostean Auzitegi Konstituzionalera jo ahal izateko.
Ezer ebatzi ostean elkarteen kontrako behin-behineko neurririk ez hartzeko ere eskatuko dute abokatuek; Epaiaren baliogabetasuna eskatzea derrigorrezko pausoa da, ostean Auzitegi Konstituzionalera jo ahal izateko.
Dena den, hasierako operaziotik prozedura judizial osoa «kafkianoa» izan dela esan du Ondarroako elkartearen defentsa daraman Andoni Hernandezek. «Uxolaren kasua oso bitxia da, gehienbat txoko bat delako. Ez du bat egiten Espainiako poliziak, nolabait, herriko taberna bat deskribatzerakoan irudikatzen duenarekin». Txoko itxia dela dio, bazkideentzat, eta taberna jarduerarik ez du. Gainera, kultur elkarte legez azken hamarkadetan egin duen lana azpimarratu du Hernandezek. «Azken 25 urteetan kultur jarduera oparoa egin du, herriko jaiak bultzatuz, era ezberdinetako kultur ekimenak lotzen… Eta dokumentazio zentro garrantzitsua bilakatu da».
Ondarroako manifestazioa
Elkarteak, legalak
Hala ere, berezitasunak kontuan izan gabe,
elkarte guztientzat akusazioa berbera izan dela kritikatu du abokatuak: «ETA diruz lagundu dutela. Kasu denetan, eta irakurketa bera izan da». Poliziak bota zituen usteak fiskalak jaso egin zituela dio, «eta instrukzio epaileak forma juridikoa eman». Errealitate politikoari begiratu diotela kritikatu du, errealitate juridikoari begiratu beharrean.
Markina-Xemeingo elkarretaratzea
Bai Hernandez, bai Amutio, bat datoz epaiketan akusazioa frogatzerik ez zutela izan esaterakoan. «Epaiketa hasi zen egunera arte ez dugu jakin zein zen elkarteen aurkako akusazioa. «Hainbat urtean zabaldu izan dute elkarteak ETA finantzatzeko tresna zirela, baina ez dugu jakin zertan oinarritzen ziren akusazio hori egiteko». Kasua bitxia dela dio Amutiok: «Taberna bat ETA finantzatzeko tresna balitz, elkarteak eurak ere legez kanpo uzti beharko lituzkete, eta ez da horrela izan. Elkarteek eurek legezkoak izaten jarraitzen dute». Hernandezen aburuz ere, kuriosoa da 35/02 auzian gertatutakoa. «Sententziak dio ez dela frogatu elkarteek ETA finantzatu zutenik, baina horrek ez duela esan nahi gertatu ez zenik». Errugabetasun presuntzioa zapaldu dutela dio abokatuak, eta epaiarekin lapurketa ikaragarria burutu dutela euskal herritarren ondasunen aurka. «Eraso orokor eta bidegabea izan da ezker abertzaleak urteetan mantendu izan dituen egoitzen aurka, eta, tamalez, Uxola elkartearen aurka ere».
Aitor Amutio (abokatua): “Taberna bat ETA finantzatzeko tresna balitz, elkarteak eurak ere legez kanpo uzti beharko lituzkete, eta ez da horrela izan”
Amutioren iritziz, galera ekonomikoa eta soziala ekarriko du ondasunen bahiketa horrek, elkarte horiek gizarte eta kultur jarduerak burutzen dituztelako.
Lekeitioko manifestazioa
Gorenaren sententzia jakin zutenean salatu zuten legez, 36ko Gerratik inoiz eman den ondasunen bahiketarik handiena suposatu dezake elkarte guzti horiek konfiskatzeak. Epaiak dioenez, gainera, ondasun horiek enkantera aterako dituzte, Estatuaren mesederako.
Ezjakintasuna
2002. urtean ere ondasunak konfiskatu zituztela gogoratu du Amutiok: «Zenbait kasutan, Gernika-Lumoko elkarteari, esate baterako, kontu korrontea konfiskatu zioten. Beste batzuei, ordea, kontu korrontea eta ondasunak konfiskatu zizkioten, Lekeitioko Galarrenarekin eta Markina-Xemeingo Amaiurrekin gertatu legez».
Gorenaren sententziak, baina, ez du zehazten zer den zehatz-mehatz orain elkarte bakoitzari «bahitu» behar diotena. «Sententzia bera parrafo bat da, eta hor sartu dituzte 107 elkarteak, inolako bereizketarik egin barik» –dio Amutiok–. «Batzuk alokairuan daude, beste batzuk tabernak dira, txokoak direnak ere badaude, eta, beste zenbaitek (Galarrena eta Arrano, kasurako) eraikin osoa dute».
Mutrikuarrek prentsaurrekoa eman zuten eguaztenean, eta argi utzi zuten ez dutela epaia onartzen. Euskal Herriko 107 elkarteri ez eze, «euskal jendarte osoari» eraso egin diotela esan zuten, «horien bueltan biltzen direnen eskubide zibil eta politikoak urratu dituztelako».
Mobilizazioak asteburuan
Sententziaren aurka agertu izan dira herritarrak azken egunetan, hainbat herritan egindako protesten bidez. Hala ere,
datozen egunetarako ere mobilizazioak deitu dituzte Lea-Artibai eta Mutrikun.
Lekeition,
manifestazioa egingo dute zapatuan, 19:30ean, Eskolapetik hasita. Era berean,
Galarrena ez itxi! dioten kartelak banatu dituzte herriko establezimenduetan, eta, dendari zein tabernariei biharko egun osoan laranjaz jantzita joateko eskatu diete.
Herritarrei, mobilizazioetan parte hartzea eta laranjaz janzteaz gain, balkoi eta leihoetan ere badera laranjak jartzeko deia egin diete.
Mutrikun ere zapatuan mobilizatuko dira herritarrak. Argazki erraldoia atera nahi dute, eta, horretarako, 13:30ean Goiko Plazan biltzeko deia egin dute. Eskubide zibil eta politikoen alde, konpromiso handiagoarekin erantzun behar dela diote mutrikuarrek.
Markina-Xemeinen, ostera, ekitaldi handiena uztaileko lehenengo asteburuan egingo dute. Bariku honetan (ekainak 26), baina,
20:30ean, kalejira egingo da Arkupean hasita.