27 emakume, 27 istorio eta 27 bizibide jaso dituzte Ezkutuko Amandrea proiektuan Alejandra Goikoetxea Vazquez eta Aitziber Izagirre Bengoetxea lekeitiarrek. Lekeition emakumeek egin dituzten ekarpenak jaso nahian ikerketa beka bat atera zuen Lekeitioko Udalak, eta lekeitiar biek lortu zuten beka. Lekeitioko emakumeak elkarrizketatu ondoren liburua eta dokumentala osatu dituzte. Gaur aurkeztuko dituzte biak, 19:00etan, Ikusgarri aretoan.

Emakume batzuk arrainez betetako otzarak buruan dituztela. Argazkia: Ondarroako Historia Zaleak
Bizimodu askotako emakumeak elkarrizketatu dituzte: portuan lan egiten zutenak, fabriketan antxoei burua kentzen lan egiten zutenak, eskola ia zapaldu ere egin ez zutenak edo gerra garaian eskolan gorriak pasatutakoak, sareginak, arrain saltzaileak… Horien guztien bizipen eta jazoerak, eta gizarteari egindako ekarpena azaltzen dituzte egin duten lanean.
Aurkezpen ekitaldia
Irantzu Mentxakak aurkeztuko du ekitaldi berezia. Hasteko, omenaldia egingo diete Lekeitioko hainbat emakumeri, eta ondoren, Lekeitoko emakumeen ezkutuko historiaren berri ematen dituzten liburua eta dokumentala azalduko dituzte egileek, Alejandra Goikoetxeak eta Aitziber Izagirrek. Azalpenen ostean, dokumentala emango dute.
19:00etan Ikusgarrira joateko aukerarik ez duenak, dokumentala berriz, 22:00etan, ikusteko aukera izango dutela aurreratu dute antolatzaileek.