Herri eta auzoetan jaien inguruan batu eta aspaldiko kontuak gogoratzeko uneak ekarriko dituzte San Pedroek. Horrez gain, gauza berritzaileak probatzeko aukera ere ekarriko dute bateko zein besteko ekimenek.
Itsas ondoko herrietan San Pedroetan murgilduta ibiliko dira datozen egunotan. Jai egun handia astelehenean [ekainak 29] izango baldin bada ere, aurretik ere zer ospatua egongo da.

Berriatuko San Pedro jaietako herri bazkaria. Argazkia: Julene Garate
Jaietan murgiltzen lehenak, berriatuarrak izango dira. Bertsozale Eguna ospatuko dute gaur [ekainak 26], eta hain zuzen ere, Euskal Herri mailako bertsolari gazteen 20. saria banatuko dute. Uztailaren 5a bitartean, egitarau oparoa prestatu dute, tartean, berritasun eta guzti. Bihar [ekainak 27], esaterako, lehen arku tiro txapelketa egingo dute.

Iazko brixka txapeldunak. Argazkia: Alberto Agirregomezkorta
Markina-Xemeingo Barinaga auzoan, aldiz, bihar hasita astelehenera [ekainak 29] bitartean auzotarrek batzeko hainbat aitzakia izango dute. Etzi [ekainak 28], esaterako, bildots bazkarian horretarako aukera aproposa izango dute.

Mutrikuko Itsas Eguna. Argazkia: Mutrikuko Udala
Mutrikun, ordea, antzinako ohiturak eta kontuak gogora ekarriko dituzte etzi [ekainak 28], moilan egingo den Itsas Egunean. Arrantzalez jantzi eta urteak atzera eginda, garai bateko kopletan agertzen den gertaera bat antzeztuko dute hainbat herritarrek: herrian bi hegazkin ikusi zireneko kontua, alegia.
Jaietan hasten azkenak Ziortza-Bolibarko Artako auzotarrak izango dira. San Pedro Eguna aste barruan izango denez, hurrego asteburuan [uztailak 4-5] egingo dituzte ospakizunak.
EGITARAUA
Berriatua
- Gaur [ekainak 26], Bertsozaleen Eguna
- 19:00. Zentrala Kulturgunean, Berritxu Saria 2015
- Bihar [ekainak 27], Entsalada Eguna
- 14:00. Kuadrillen arteko VIII. entsalada eta tortilla lehiaketa
- Ondoren, herri bazkaria
- 17:00. Berriatuko I. Arku tiro txapelketa
- Ekainak 29, San Pedro Eguna
- 12:00. Meza nagusia
- 12:30. Bizkaiko Open 2015 esku pilota partidak, plazan
- 19:00. Erromeria Kupela taldeagaz
- Ekainak 30, San Pedro Txiki
- 10:30. Buztin tailerra
- 14:00. Plazako aterpean umeen herri bazkaria
- 16:00. Umeentzako jolas parkea
- Ondoren, bits jaia
- Amaitzeko, txokolatada
- Uztailak 5, domeka. Adinekoen Eguna
- 12:00. Meza nagusia
- Ondoren, aurten 85 eta 90 urte betetzen dituztenei eta urrezko ezteiak betetzen dituztenei omenaldia elizan
- 14:00. Arriola jatetxean, Anaitasuna Elkartekoen bazkaria
Markina-Xemein (Barinaga auzoa)
- Bihar [ekainak 27]
- 17:30. Idi eta zaldi probak
- Ostean, txikiteoa
- Etzi [ekainak 28]
- 12:15. Meza
- Ostean, auzokoen arteko herri jolasak eta II. Txapel jaurtiketa txapelketa
- 14:30. Bildots bazkaria, Mirari Azkune eta Aintzane Agirrebeña trikitilariek alaituta
- Arratsaldean, Irrien lagunen puzgarriak umeentzat
- Ekainak 30, San Pedro Eguna
- 12:15. Meza
- Ostean, meza ostekoa eta eskorgaren zozketa.
Mutriku
- Etzi [ekainak 28], Itsas Eguna
- 11.00. Hegazkin zaratak
- 11:30. Arrantzaren inguruko lanbideen erakusketa, moilan
- 12:00. Talaixeruak arioplanuaren abisua emango du
- 12:30. Pilotuari eta tripulazioari harrera
- 13:00. Tramana eta Brix! antzerkia Intxirrixan
- 13:15. Arrain benta, Arkupean
- 13:30. Juana Pipaxenian bertso saioa
- 14:00. Herriko abesbatzen emanaldia, Intxirrixan
- 14:15. Bi arioplano igaro orduko, herriko bandarekin festa
- 15:00. Bazkaria Kofradi Zaharra jatetxean
Ziortza-Bolibar (Arta auzoa)
- Uztailak 4, zapatua
- 17:00. Artako VI. briska txapelketa
- 22:00. Bertso afaria Beñat Ugartetxea eta Ander Elortegik girotuta
- Uztailak 5, domeka
- 11:15. Meza Santua
- 12:00. Zerutxu dantza taldea
- Ondoren, Sebastian Lizaso, Andoni Egaña eta Mikel Mendizabal bertsolarien saioa
- 17:00. Umeen jolasak
- Egun osoan, Nahiara eta Eneritz trikitilariak giroa alaitzen