Lainopean egin dute udaletxetik elizarainoko ibilaldia Udaleko alkate, zinegotzi eta kofradiako arduradunek gaur goizean, Lekeition, baina goizak aurrera egin ahala lainoak eguzki ederrari lekua utzi diote. Horrela, meza osteko San Pedroren omenezko prozesioak porturantzako bidean aurrera egin ahala eguzki izpiak agertzen hasi dira zeruan.
Asier Uskola Kaxarranka dantzatzen San Pedropean.
Urtero modura, aintzinako ohitura zaharrari jarraituz, herritar eta bisitari askok lagundu diote San Pedrori elizatik porturainoko ibilbidean. Eliza aurrean zain egon dira gehienak San Pedroren atzetik joateko. Santa Maria elizako kanpaiak jo bitartean egin dute bidea eta Euskal Batel-Eroek urtatik eta hainbat lagunek lehorretik egin diote harrera San Pedrori.
Portuko irudi aurrean geratu da prozesioa eta sainduaren irudiagaz Kilin Kalakoa egin dute bi bidar jendearen “ai” artean. Gero, berriz, elizarako bidea hartu du sainduak kaleetatik.
Lekuan bertan gelditu da baina, jende gehiena, Kaxarrankaren zain. Aintzinako Dantza ikusgarria dantzatu du urtero modura Asier Uskolak, zortzi kidek eutsitako kaxaren gainean eta irrintziak egin dizkiote dantzaldi bakoiztean. San Pedropean dantzatu ostean, Kofradia aurrera joan da dantzaria bertan ere kaxa gaineko ikuskizuna eskaintzera.
Bien bitartean, andrazkoen aurreskua dantzatu dute plazan herriko Etorkizuna dantza taldekoek. Bederatzi andrazko atera dira plazara lepoko zapi dotoreak soinean eta aurreskua dantzatu diete plazara atera dituzten gizonezkoei.
Plaza bete jendek jarraitu du dantza dotorea bai eta udalbatzak ere udaletxeko balkoi nagusitik.
Zapi gorriagaz apaindu duten udaletxeko balkoiagaz gain, herriko beste balkoi asko zapi zuriz apaindu dituzte gaur, Lekeition, San Pedroren omenez. Bihar San Pedro Txiki eta etzi San Pedro Baltza ospatuko dituzte lekeitiarrek.
Barinagan, Berriatuan eta Munitibarren ere jaietan
Lekeition ez ezik, sanpedroak ospatzen ari dira, besteak beste, Berriatuan, Barinagan eta Munitibarren. Mutrikun ere Itsas Eguna ospatu zuten atzo, ekainak 28, eta Artan datorren asteburuan izango dituzte jaiak.
Eguraldi ederragaz eta jendetza politagaz ospatu dituzte jaiak Markina-Xemeingo Barinaga auzoan. Idi eta zaldi demak izan zituzten zapatuan eta idi probetan Berriatuko Karmelo Bikandi izan zen irabazle 48 untze ¼ eta 5 metro eginda. Bigarren Berritxuko Usaisti geratu zen, 48 untze eginda. Zaldi probetan, berriz, Patxua Tabernako zaldia izan zen garailea 77 untze ¾ eta 0,85 metro eginda. Kobaren zaldiak, 69 untze eta 2,75 metro egin zituen.
Txapel jaurtiketan ibili ziren Barinagan, domekan. Isaak Sololuzek bidali zuen txapela urrutien; bere marka 24,88 metro.
Jolasen ondoren, bazkarian batu ziren barinagarrak. 130 bat lagun bildu ziren Barinagako frontoi edarraren azpian, eguzkitik babezpean, bildots errea jateko. 12 bildots erre zituzten burduntzian eta guztiak jan zituzten.
Gaur, meza eduki dute auzoko San Pedro elizan, eta jaiekin amaitzeko, orgaren zozketa egin dute. Saritutako zenbakia 1.617 izan da, eta ordezkoa 1.015.
Berriatuan ere sanpedroak gogotik ospatu dituzte herritarrek. Barikuan hasi ziren ospakizunak, Bertsozale Egunean, Berritxu Sariagaz. Horretan, zortzi bertsolari aritu ziren eta guztien artean Bizkaiko Txaber Altube izan zen irabazlea. Sariketak bideo gela girotu zuen eta jaiei hasiera eman zien. Zapatuan koadrilen arteko entsalada eta tortilla lehiaketak kolorea eta zaporea eman zion egunari. Bazkaria eta arku tiro txapelketa izan ziren hurrengo ekintzak. Gaur, San Pedro Egunean, esku pilota partiduak eta erromeria izan ziren progatonista. Bihar, San Pedro Txiki ospatuko dute.
Berritxu Sariko parte hartzaileak eta udal ordezkariak. Argazkiak: Ander Txakartegi
San Pedro Eguna tripa bete asteko pintxoak eta edariak eduki dituzte plazan, gaur, Munitibarren. Asteburu guztia ospakizunetan ibili eta gero, jaietako azken eguna izan dute gaurkoa. Barikuan hasi zituzten jaiak herriko dantza taldearen ikuskizunagaz, zapatuan, ostera herri bazkarian batu ziren munitibartarrak udaletxe aurreko arbolapean. Paellak prestatu zituzten jateko, zein baino zein gozoago, eta prestatu bitartean rokodromoan eta ohe elastikoetan ibiltzeko aukera ere izan zuten. Gugaz erromeria taldeak jarri zuen dantza giroa arratsaldean.
Itsas Eguna Mutrikun
Belaunaldiz belaunaldi herritarren artean zabaldu den herri historiaren “altxorretako” bat biziberritu zuten domekan [ekainak 28 Mutrikun. “Bi aeroplano pasau ta…” kantu herrikoiaren esanak antzeztu zituzten 150 lagunek.
Mutrikuarrak, itsaso egunean. Argazkiak: Goizeko Izarra
Itsaso Eguna, Mutrikun. Argazkiak: Goizeko Izarra
Hain zuzen ere, urteak atzera egin zuten, eta moila eta inguruak XX. Mende hasierako herri bihurtu ziren ordu batzuez.
Herritarrek garai hartako jantziak jantzi eta itsasoarekin lotutako hainbat ofizio zaharren erakusketa egin zuten.
Itsaso Eguna, Mutrikun. Argazkiak: Goizeko Izarra
Denek ere itsasora amildutako hegazkinaren historioa erarik eta zehatzenean antzeztu zuten. Eguneko momenturik hunkigarrienetariko bat, esaterako, Anjelita ontziak hegazkinaren pilotua Intxirri parera ekarri zuenean izan zen.
Lekeitioko argazki galeria:
[nggallery ID=264]