Agintaldiko lehenengo osoko bilkura egin du Ondarroako udalbatzak
Neurri berrien artean, osoko bilkurak Kofradia Zaharreko areto nagusian egitea erabaki da. Urtean 31.220 euroko soldata gordina jasoko du Josu Arrizabalaga alkateakEkainaren 13ko kargu hartze ekitaldiaren ostean, udal arduradun berriek herenegun egin z...
Neurri berrien artean, osoko bilkurak Kofradia Zaharreko areto nagusian egitea erabaki da. Urtean 31.220 euroko soldata gordina jasoko du Josu Arrizabalaga alkateak
Ekainaren 13ko kargu hartze ekitaldiaren ostean, udal arduradun berriek herenegun egin zuten agintaldiko lehenengo osoko bilkura. Udaletxeko areto nagusian elkartu zen udalbatza berria, 20:00etan. EAJko Ibon Aranbarri izan ezik, udalbatza osatzen duten beste hamabi zinegotziak han egon ziren.Osoko bilkuraren deialdiak hamar puntu jaso zituen, eta denak ere, aho batez onartu zituzten. Besteak beste, udal batzordeen osaketa eta ardurak banatu, udal osoko bilkurak eta udal batzordeen batzarrak noiz egingo diren onartu eta alkateordeak izendatu zituzten.
Lehenengo eta behin, kargu hartze ekitaldiko akta onartu zuten, eta jarraian, agintaldi berriko gobernuaren funtzionamendua finkatuko duten erabaki sorta etorri ziren.
Hirugarren eguenean
Onartu ziren puntu guztien artean, gainera, berritasun bat edo beste ere egongo da aurrerantzean. Irisgarritasun baldintzak bermatze aldera, osoko bilkurak Kofradia Zaharreko areto nagusian egitea adostu zen. «Eraikin horretan igogailua dago, eta modu horretara, nahi duten herritar guztiek joateko aukera izango dute», nabarmendu zuen alkateak.
Era berean, osoko bilkuraren aldizkakotasuna ere finkatuta geratu zen. Abuztuan izan ezik, hilero hirugarren eguenean batuko dira, 20:00etan (orain artekoa baino ordu erdi beranduago). Eta hirugarren eguenean ezingo balitz egin, laugarrenean egitea adostu zuten udal zinegotziek.
Udal taldeen bozeramaileei dagokienez, EAJtik Maria Dolores Etxano (ordezkoak: Miren Urresti eta Adrian Osa) eta EH Bildutik Rakel Elu (ordezkoak: Zunbeltz Bedialauneta eta Bisit Beiro) izango dira.
Alkatearen ordainsaria zein izango zen ere onartu zuen udalbatzak. Hain zuzen ere, hamalau alditan banatuta, urtean 31.220 euroko soldata gordina jasoko du Arrizabalagak.
Lau alkateorde
Alkateorde izendapenei dagokienez, ostera, honako hurrenkeran lau zinegotzi izendatu zituen alkateak: Rakel Elu, Zunbeltz Bedialauneta, Bisit Beiro eta Txomin Etxaburu.
Era berean, alkatearen tokiko gobernuko batzarreko lankideak izendatu zituzten lehen udalbatzarrean. Honakoak izango dira: Rakel Elu (EH Bildu), Txomin Etxaburu (EH Bildu), Maria Dolores Etxano (EAJ) eta Miren Urresti (EAJ).