Unai Rementeria mundakarra da Bizkaiko ahaldun nagusia
PSErekin akordiora heldu zen EAJ joan den astean, gobernu «sendo eta egonkorra lortzeko». Herritarren proiektuei bide emateko lan egingo du EH BildukAtzo hartu zuen Unai Rementeria mundakarrak ahaldun nagusiaren kargua; hala, Jose Luis Bilbaoren leku...
PSErekin akordiora heldu zen EAJ joan den astean, gobernu «sendo eta egonkorra lortzeko». Herritarren proiektuei bide emateko lan egingo du EH Bilduk
Atzo hartu zuen Unai Rementeria mundakarrak ahaldun nagusiaren kargua; hala, Jose Luis Bilbaoren lekua hartuko du datozen lau urteetan. PSEren botoekin hautatu zuten atzo Bizkaiko Ahaldun Nagusi, eta Jose Antonio Agirreren formula zaharra erabili zuen Rementeriak zin egiteko, Gernikako arbolaren aurrean. Batzar Nagusietako presidente Ana Otaduiren eskutik hartu zuen makila.Zin egin ostean, Aldundiaren osaketaren berri eman zuen, eta PSEk bi sail izango dituela iragarri zuen: Teresa Laespada Deustuko unibertsitateko irakaslea izango da enplegu sailburua, eta Vicente Reyes izango da Garraio eta Mugikortasun saileko buru.
Akordioetara heldu
Politika ekonomikoa aipatuz hasi zuen berbaldia Rementeriak, atzo goizean. Hurrengo agintaldian 10.000 lanpostu sortzeko konpromisoa hartu zuen hauteskunde kanpainan. Transparentzia eta parte hartzean oinarritutako agintaldia izango dela esan du Rementeriak. Enpleguan sinisten duela, eta gizartearekin konprometituta dauden enpresengan sinisten duela. Aberastasunaren banaketa nahi du Rementeriak, eta egoera ekonomikoari aurre egiteko elkarlanerako deia egin die sindikatuei, egoera ekonomikoa aldatzea ez delako administrazioen eta enpresen esku geratu behar. Hala, ekonomia berpiztea da EAJren erronka nagusia, ahaldun nagusiaren esanetan.
PSErekin akordioa lortu dute jeltzaleek Bizkaian gobernatzeko. Rementeriak aipatu legez, «etorkizuna erronkaz beterik dago», eta erronka horiek gobernu sendo eta egonkorra exijitzen dute, «gizarteari begirako gobernua, irtenbideak proposatuko dituena». Hori da Rementeriaren hitzetan EAJk eta PSEk egun eskaintzen dutena.
Era berean, alderdi gehiagoren konplizitatea ere bilatuko du Rementeriak, goizeko hitzartzean esan zuenez: «Hitz egin eta akordioetara heldu gura dugu». PSErekin komuneko helburu bat dutela azpimarratu zuen, gainera: ekonomia berpiztea eta enplegua sortzea.
Datozen lau urteetarako ildoak bost puntutan laburbildu zituen mundakarrak: ekonomiaren eta enpleguaren suspertzea; berdintasuna eta gizarte sarearen defentsa; eskualdekako garapen iraunkorra; kalitatezko zerbitzu publikoak eta instituzioen arteko koordinazioa.
Herritarrekin batera
EH Bilduk ere bere hautagaia aurkeztu zuen atzo ahaldun nagusirako: Josu Unanue. Bermeotarra izan zen atzo lehena hitza hartzen. Egoera ekonomikoa, politika sozialak edota fiskalitatea izan zituen hizpide, besteak beste; eta programaren lau ildoak ere azaldu zituen: jendartearen kohesioa bermatu, politika sozialak sustatu eta sendotu, aurrenekoei bide emango dien politika fiskal egokia eta erabakitzeko ahalmena.
Aurrerako erronkei dagokienez, ardatza eta iparra herritarrekin batera Bizkaiaren eraldaketan sakontzea dela esan zuen Bermeokoak. Hala, Batzar Nagusietan konpromiso eta xede irmo batekin ariko direla esan zuen: «Bizkaiko herritarrek sortutako proiektu eta erronkei sustapena eta bidea ematearena».
Egoera ekonomikoa ere aipatu zuen, eta Bizkaiko eskualdeen artean, egoerarik onenean dagoena Lea-Artibaikoa dela esan zuen Unanuek. Hala ere, gogoratu zuen enpresen kopuruak behera egin duela (%19), baita industria ekoizpena ere (%34). Langabezia tasak gora egin duela esan zuen, %16,3ra helduz, eta gazteen %40 langabezian dagoela. «Gure langabezia tasa Europaren batez bestekoa baino %50 altuagoa da».
Hala, krisialdia pairatzen ari direnak laguntzeko gizarte politikak exijitu ditu bermeotarrak, bizi baldintzak bermatzeko ezinbesteko inbertsioa direla. «Pertsonei begirako zerbitzuak behar ditugu, diru laguntzak eman beharrean».