Bekobentakoak, bat eginda, 40. urtemugan
Eskolaren urteurren jaiak batuko ditu bihar Bekobentakoak; 40. urtemugak merezi zuela eta, egun osoko ospakizuna prestatu dute. Lehengo eta oraingo kontakizunak topo egingo dute eskolako jantokiko mahaiaren inguruan.Bekobenta eskolako ikasle, irakasle,...
Eskolaren urteurren jaiak batuko ditu bihar Bekobentakoak; 40. urtemugak merezi zuela eta, egun osoko ospakizuna prestatu dute. Lehengo eta oraingo kontakizunak topo egingo dute eskolako jantokiko mahaiaren inguruan.
Bekobenta eskolako ikasle, irakasle, guraso eta beharginak; lehengoak eta oraingoak. Guztiak batuko dira bihar, eskolaren 40. urteurrena ospatzeko. Orain arte, ez da egin urteurren jairik, baina 40ak merezi zuela eta, egun osoko egitaraua daukate prestatuta.Kalejira bategaz hasiko dute jaia Arkupean, eta 13:00etan jarri dute hitzordua, guztiak batzen joan eta kalerik kale poteoan ibiltzeko. Ez dira joango bakarrik, trikitilari eta pandero joleez lagunduta egingo dute kalejira.
Halantxerik ailegatuko dira Bekobentara ere. Eskolan argazkiak aterako dituzte taldeka, gelaka, bai eta erraldoi bat ere, guztiek batera 40. urteurren jaiaren oroitzapena gordetzeko, eta argazki guztiak eginda, jantokian sartuko dira bazkaltzeko.
Ekitaldi berezia
Menua bertoko produktuekin egindakoa izaten ahalegindu dira, eta gozoak eta edariak, berriz, herriko gozotegi eta likore dendetan erosi dituzte. Zerbitzari eta garbitzaile lanak, ostera, denen artean egingo dituzte, elkarlanean.
Bazkalosterako gorde dute ekitaldi berezia. Abestiak, bertsoak, eskolaren historiari errepasoa eta omenaldia. Bekobentak handik igaro direnentzako zer suposatu duen agertaraziko dute, eta, amaitzeko, zelan ez, ekarpen guzti horren erantzuleei eskerrak emango dizkiete.
Giro onean jarraitzeko, jolasak izango dituzte arratsaldean, bai jantokian bertan bai eta kanpoan ere, eta jaiagaz hasi modura, guztiak batera kalejiran joango dira alde zaharrerantz jaiagaz jarraitzeko.