Mutrikuko Olatz auzoko bizilagunak kexu dira. Auzotarrek diotenez, euli izurriteak “ez die bakean bizitzen ere uzten”. Urteak daramatzate kezka berdinarekin, nazkatuta eta haserre daude.
Egoera “jasangaitza” bihurtu dela azpimarratu dute, eta lehenbailehen irtenbide bat behar dutela aldarrikatu dute. “Martxotik hasi eta urrira bitartean, euliz josita egoten da ingurua. Tarte horretan etxeko leihoak irekitzea pentsaezina bihurtzen da, esaterako. Ezin dugu ezer normaltasunez ere egin. Eskumena duten erakundeei laguntzeko eskatzen diegu. Hau guztia jasangaitza da. Gure osasuna eta negozioak kaltetzen ditu”.
Hainbat erakundeei neurriak hartzeko eskatu diete, baina orain arte izan dituzte batzarretan ez diete inolako irtenbiderik eman. Auzotarrak erankudeen ordezkarien “hitz onekin” nazkatuta daude, eta neurri eraginkorrak eskatzen dituzte.
Hitzen ordez, ekintzak behar dituztela azpimarratu dute. Auzotarren iritziz, gaiari irtenbidea ematea ez zaie erakundeei askorik interesatzen. “Urteak daramagu arazoa salatzen eta ez dugu irtenbiderik jaso”.
Olatzko bisoi haztegia
Izurritearen iturria zehatz zein den ez baldin badakite ere, auzoaren goiko aldean dagoen Sakoneta baserrian dagoen bisoi amerikarren haztegiak horretan eragin nabarmena duenaren susmoa dute. Izan ere, haztegitik hurbilago dauden goiko baserrietan euli kopurua handiagoa dela konturatu dira.
Eulien eragozpenak ez eze, haztegitik bertatik datorren kiratsa ere handia dela salatu dute. Auzo guztian usai eskasa nabaria da, eta haztegira hurbildu ahala handitzen doa.
Auzotarrak euliak erakusten
Auzotarren iritziz, bisoien kaka artean dago izurritearen sorrera. Haztegian, 20.000 burutik gora daude. “Kaioletan dauden bisoien kakak lurrera erortzen dira, eta horiek pilatu egiten dituzte, gerokoan eramateko. Baina, gure ustez, ez dituzte gehiegitan jasotzen eta hortxe dago koxka. Komunikabideak etorri direnean oraintxe garbitzen ikusi ditugu, baina osterantzean maiztasuna ez da gehiegizkoa”.
Legeak ezartzen dituen garbitasun neurriak betetzen eskatu nahi diote haztegiari, eta hainbat urtetan bizitako arazoari amaiera ematea.
Teknikari batzuek eulien iturria nondik datorren ikerketa abiatu dute. Hainbat baserritan laginak hartu dituzte, eta antza denez, bisoien kaka artean larba ugari aurkitu dituzte. “Orain ikusi beharko da gure susmo guztiak ongi dabiltzan edo ez. Txosten hori ikusi eta gero, izurritearen iturria haztegia dela baieztatzen bada, neurriak hartu arte ez dugu amore emango”.
Ugaitz Mugertza eta Beñat Egaña Iturritza baserriam
Mugertzatarrak bizi diren Iturritza baserrian, esaterako, arazoa ageri-agerian dago. Haztegitik metro gutxi batzura bizi dira, eta baserrira hurreratu orduko intsektuek ongietorria ematen diote bisitariari. Hormak eta teilatu azpiak, esate baterako, euliz bete-bete eginda daude, eta barrura sartzean ere, itxura ez da hobea. Hainbat euli buelta-bueltaka dabiltza eta sabaitik zintzilik dauden paper itsaskorrak erabat belztuta daude. “Egunero paper hauetako asko bete egiten dira. Euli asko sumatzen dugunean, gainera, botika ere botatzen dugu. Euli hilak palakada jasotzen ditugu”, dio Ugaitz Mugertzak.
Haruntzago dagoen Goienetxe baserrian ere arazoa antzerakoa da. Gaztagintzan aritzen dira eta euliek gazta ekoizteko nahikoa buruhauste sortzen dizkie.
Prozesua nola egiten duten ikustera hainbat turista hurbiltzen dira, Geoparkeak bultzatuta, baina euliek eta kiratsak uxatu besterik ez dituela egiten azpimarratu dute. “Asko eragin digu arazo honek. Gaztategia ikustera direnak euliak uxatzen egoten dira uneoro, eta inguruotan dagon kiratsa ere ez da batere erosoa bisitarientzat. Aurreko batean bisitan etorritako bat usai txarrak eraginda botaka ere hasi zen”, azaldu du Beñat Egañak.
Euliak paperean itsatsita
Gaztategiaz gain, Zelaieta auzoko taberna ere beste kaltetuetako bat da. Tabernako arduradunaren esanetan, Olatzko eulia berezia da. “Osasun ministeritzakoak hemen dugun eulia ez dela jatorriz hemengoa esan ohi didate. Askosaz txikiagoa da. Euli bereziren bat dela diote, eta hortaz, aztertu egin beharko da nondik datorren”.
Etxerre baserriko Lurdes Udabe ere iritzi berdinekoa da. “Lehen hemen baserrietan betiko eulia ikusten zen, baina hau eltxoaren parekoa da”.
Olatzeko baserritarrak euliak erakusten
Arazoak bere horretan jarraitzen duela kexu dira, eta azken urteotan, gainera, areagotu egin dela azpimarratu dute. “Orain urte batzuk egoera kaxkartzen hasi zen, eta azken bi urteotan jasangaitza bihurtu da”.
Xabi Urkiri ondarrutarrak, esaterako, lau urte daramatza auzoan. Egoerak nabarmen okerrera egin duela dio: “Lau urte daramatzat hemen, eta lehen urteotan ez naiz gogoratzen hainbesteko eulirik zegoenik, baina urtero gehitzen joan dira. Iazkoa txarra izan zen, baina aurtengoa txarragoa dela dirudi”.
Auzotarrak protestan
Osasunarentzako ere kaltegarria dela argi utzi nahi dute. Jatea edota edatea, esaterako, ia ezinezkoa dela diote. Ez behintzat euliak parean eduki gabe. “Gure osasuna jokoan dago. Nire semea, esaterako, dena pinportaz betea dago eta ezin du lorik ere egin”, gaineratu du Urkirik.
Etxe kanpoan “lasai” egotea ere “ametsgaizto” bihurtu dela diote. “Etxe kanpoan zerbait egitea ezinezkoa da. Lagun artean afariren bat egin nahi baldin baduzu, esaterako, ezinezkoa da. Baina etxe barruan ere egoera antzekoa da. Sukaldean platera mahaian jarri orduko euliz betetzen da, eta horrela ezin leike bizi. Gure osasuna ez eze, gure seme-alabena ere jokoan dago”.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.