Ondarroako kukaña zabalik dago berriro ere, araudiagaz. Azterketa egin ostean, Ondarroako Udalak zabaldu du berriro, baina oraingoan, kukañaren “erabilpen egokia” egiteko arauak azaltzen dituen kartela ipini dute. “Udalaren asmoa ez da izan kukaña zarratzea, bai aldiz, erabilera okerrak ekarri ditzazkeen ondorioetaz ohartaraztea. Erabilera txarra diogunean, aldi berean bi lagun baino gehiago kukañan egotea eta kulunkatzeaz ari gara, egunerokotasunean ikusten ari garen erabilera, alegia”, azaldu dute udal ordezkariek.
Azkenaldian ikusi den erabilera “desegoki” horrek kukaña apurtzeko arrisku “erreala” duela argia zuela argudiatu dute, eta horren ondorioak “askoz larriagoak” izango liratekeela kontutan hartuta egin dira azken egunotako aldaketak.
Kukaña erabiltzeko araudiak
Ondarroako Udal ordezkariek kukaña ixtea erabaki zuten aste hasieran. Istripuak ekiditzeko hartu zuten neurria, eta arazoari irtenbidea nola eman pentsatu bitartean, kukaña ezingo zela erabili iragarri zuten.
Astelehenean [uztailak 6] itxi zuten kukaña eta, martitzenean ostera, behin-behinean itxiko duen metakrilatozko itxitura eta kukañatik salto egitea debekatzen zuen seinalea ipini zituzten.
Ondarroako kukaña, itxita
Udal ordezkariek hartutako erabakia herritar askok ez zuten begi onez ikusi. “Plai musturrean egin dituzten konponketen ostean, handik salto egitea debekatu dute, eta orain, kukaña ere itxi dute. Ur hegalean jolasteko gero eta aukera gutxiago dute gure seme-alabek”. Batez ere, udako egun beroetan jende asko batzen da kukaña inguruan, eta gaztetxoak ordu luzez Artibai ibaira dzanga egiten aritzen dira.
Herritarren kezka horien guztien aurrean, ordea, neurria behin-behinekoa zela nabarmendu zuen Josu Arrizabalaga alkateak.
Gaztetxoak Kukañatik saltoka Zapato Azulean
Neurria istripu larriak ekiditeko hartu zutela ere azpimarratu nahi izan zuen Arrizabalagak. “Gure asmoa ez zen betirako kukaña ixtea edota kentzea, baizik eta erabilpen ona eta ziurra ematea”.
Hain zuzen ere, herritar batzuen aldetik ikusi duten “erabilpen eskasak” bultzatuta hartu zuten presazko erabakia. “Gaztetxoak banaka edo binaka ibilita ez da ezer gertatzen, baina jende gehiago aldi berean saltoka ikusi dugu, eta horrek kezkatu gaitu. Inork ez digu ziurtatzen adarra apurtuko ez denik, beraz, eragitea erabaki dugu. Hainbeste salto eta pisurekin adarra apurtu egin daiteke, eta ondorioak arriskutsuak izan daitezke. Adarra pisutsua da, eta norbaiten gainera jausiz gero, kalteak larriak izan daitezke”.