Lekeitioko Udalak ataratako ikerketa beka lortu ostean, herriko emakumeen lana bistaratu eta balioan jarri dute Alejandra Goikoetxea Vazquez eta Aitziber Izagirre Bengoetxea lekeitiarrek ‘Ezkutuko Amandrea’ liburuan eta dokumentalean. Balio handiko esperientzia izan da bai egileentzat bai eta elkarrizketatutako emakumeentzat ere.

Alejandra Goikoetxea eta Aitziber Izagirre ‘Ezkutuko Amandreak’ lanaren egileak.
Zein izan da Lekeitioko emakumeek egindako ekarpenak desestaltzeko hartu duzuen ibilbidea?
Alejandra Goikoetxea. Onarpena jaso genuen momentuan bertan testuingurua osatzen hasi ginen. Lekeition zenbat emakume zeuden ikusi, liburuak kontsultatu eta elkarrizketak prestatzen hasi ginen.
Elkarrizketa egiteko prest zeuden emakumeak aurkitzea zaila izango zen.
Aitziber Izagirre. Batzuk bageneuzkan pentsatuta, beste batzuk, ostera, jendearen bidez lotu ditugu. Nik esagutzen dut hau, nik bestea… Bata bestea joan da lotzen. Bat gonbidatzen zenuen, eta hark beste bat proposatzen zuen. Kate bat izan da.
A.G. Ahotsak-ek jasota zeukaten jende batengana ere jo dugu, esate baterako.
Zenbat elkarrizketa egin dituzue?
A.I. 26 emakume elkarrizketatu ditugu azkenean. 27. bat ere eduki genuen lotuta, baina, bertan behera geratu zen, eta gero ezin izan dugu beragaz egon.
26 emakume horiek zelako kontuak kontatu dizkizuete?
A.G. Gazte eta nagusien arteko ezberdintasuna igarri dut nik. Batzuk 36ko gerra heldutxoago zirela pasatu zuten, eta horrek asko markatu dituela ikusi dut. Baina gero, bakoitzak bere bizimodua, ezkongai garaia zelan pasatu zuen, eskola sasoia, zein lan egin duen, eskolako lagunak, etxeko giroa, gabeziak, laneko ordu luzeak…, denetarik kontatu digute.
A.I. Adinaren arabera ere oso ezberdinak dira euren profilak. 1917tik 1944ra artekoak dira elkarrizketatu ditugu emakumeak, eta aldea badago. Hala ere, azken finean, oinarrian gauza antzeko asko bizi izan dituzte.
A.G. Garai batzuetan gehiago, eta beste batzuetan gutxiago, baina denek egin behar izan diote aurre euren bizimoduari, garaiko tabu, debeku eta oztopoei aurre eginda. Bata alargun geratu zela, edo besteak gizona kartzelan izan zuela… mila istorio.
Elkarrizketak, liburuan jaso dituzue bai eta dokumental batean ere.
A.I.Nahiz eta liburu batetarako, txosten baterako edo ikerketa baterako izan, elkarrizketak egitearena argi geneukan hasiera-hasieratik. Grabatu egin nahi genituen gure helburua bazelako gero ikus-entzunezko bat egitea. Kontakizuna jaso nahi genuen euren keinuekin, trasmititzen dena askotan berbagaz baino keinuekin gehiago transmititzen delako. Lekeitioko hizkera ere, nahi eta nahi ez, aldatu egin da, eta hori ere gorde egin nahi izan dugu bide batez.
Liburuan eta dokumentalean berdina jaso duzue?
A.I. Liburuan askoz atal gehiago daude. Dokumental batean ezin zara liburu batean beste luzatu, eta orduan atal batzuk kanpoan utzi behar izan ditugu. Emakumeen bizia kontatu dugu gaztetatik eta ezkondu edo alargundu arte. Heriotza ez dugu ikutu.
A.G. Aparte utzi ditugu 36ko gerra eta frankismoa. Eskola sasoian aitatu egiten da frankismoa, baina ez da bere horretan kontatzen, iruditzen zaigulako hori sartuko bagenu frankismoari buruzko dokumentala bihurtuko zela, eta hori ez zen helburua. Beraz, aparte utzi dugu, eta geure buruari ipini diogu beste ikus-entzuneko bat egiteko erronka, 36ko gerra eta frankismoa batuta. Materiala badaukagu, eta material hori kutxan uztea pena handia izango litzateke.
A.I. Emakume askok, gainera, pisuzko gauza asko kontatu dizkigute. Gainera, parte hartu duten guztiei proiekzioa eman genien iaz, eta momentu hartan 95 urte zituen batek berak kontatu zuen guztia ez genuela kontatu esan zigun. Berak hiru urte pasatu zituen ihesean, erizain modura beharrean gerran, eta beretzako garai hori oso garrantzitsua da. Emakume askok garai horretan bizitakoa oso presente eduki dute, eta xehetasun guztiekin kontatu dute.
Kamera aurrean ez ziren isilik geratu?
A.I. Batzuk berba egin duten solturagaz ikusten da kamera ahaztu egin dutela. Gainera, amaieran, zer edo zer kentzeko aukera eman genien.
Aurkezpenean, omenaldia egin die Lekeitioko Udalak herriko emakumeei.
A.G. Guk elkarrizketatu ditugun emakumeei zuzeneko aitortza eginez, Lekeitioko emakume guztiak omendu nahi izan dituzte. Lore sorta eta liburua oparitu zizkieten.
Orokorrean pozik geratu dira lanagaz?
A.G. Elkarrizketetan barre asko egin dugu, baina bai eta negar asko ere. Eurek dena xelebre kontatzen dute. Ez dago dramarik, «horrelaxe izan behar zuela eta» diote. Irribarre bategaz kontatzen dizute maminean gogorra den gauza bat.
A.I. Ezkontza batek zer suposatzen duen edo ezkondu eta gero zer datorren, sexu harremanak eduki beharra… Etxe barruko kontuei buruz ausardi handiagaz berba egin dute, gauzari bere izenetik deitu diote batzuk. Zabaldu egin dira, ausartak izan dira, oso garbi kontatu dituzte gauzak, eta hori ez da erraza izaten.
Noiz hasiko zarete lan berriagaz lanean?
A.G. Segituan hasiko gara. Gidoia egin, eta forma eman eta gero grabatzen hasiko gara. Gainera, emakumeak ere gogotsu daudela uste dugu.
Zuentzat zer suposatu du lan horrek?
A.G. 26 emakume honek ezagutu eta gero neukan ikuspuntua aldatu zait. Horrez gain, beste belaunaldi bateko emakume bategaz lan egitea ere aberasgarria izan da. Ekarpen pertsonalagaz gain, herriari ere ekarpen txiki bat egin diogula uste dut.
A.I. Pertsona modura asko ikasi dut. Txinurrien lana izan da, eta zertarako gai naizen konturatu naiz.
Emakume horiekin duzuen harremana aldatu egin da neurri batean?
A.I. Gehienak ez genituen ezagutzen, baina orain daukagun harremana bestelakoa da. Egunero topatzen duzu bat gutxienez, eta beti daukate berba on bat esateko. Konturatzen dira ze lan egin dugun, eta asko baloratzen dute egin duguna. Azkenean, ez etxekoak, baina hurrekoak bihurtu dira guretzat.
A.G. Lekeitioko emakumea zarata eta deidarra egiten zuena zela esan zigun batek, baina gero, eskuetan bihotza zuten andreak zirela. Gugaz ere berdinak izan dira, hasieran ezetza ahoan, baina gero, behar izan dugun guztia eskuetan ipini digute, argazkiak, bere bizipenak… Deskubrimendu bat izan dira 26rak, seguru Lekeition beste 200 daudela horrelakoak, eta denengana ezin izan gara ailegatu, baina lagin bat erakutsi dugu.