Enkarterriko Alanoaren enbaxadore bihurtu dira Jon Kerejeta txakur hezitzaile mutrikuarra eta bere familia. Nekane Unanue bere bikotekidearekin batera Euskal Herrian jatorria duen txakur arrazaren aldeko apustu garrantzisua egin du Kerejetak.
Alanoa txakur harrapakarien artean arrazarik zaharrenetarikoa dela uste da, eta hainbat urtez Euskal Herrian eta inguruetan ezaguna izan ostean, galzorian ere egon da. Orain, ordea, indarra hartzen ari da hainbat elkartek bultzatuta.
Hartara, biek Alano Enkartatuak deritzon elkartea sortu zuten orain urte batzuk. “Bion artean hasi genuen Alanoak ezagutara emateko proiektua, eta horretan gabiltza, buru belarri. Arraza galzorian ere egon zen, eta zerbait azkar ez bazen egiten, desagertu egin zitekeen eta arrazaren inguruan baserritarrek eta hezitzaileek lehendik egindako lan guztia alperrikakoa izango zela ikusi genuen. Nire bikotekidearen laguntzarik gabe orain arte egindako lan guztia ez litzate posible izango”, dio Kerejetak.

Jon Kerejeta, Mendi bere alanoetako batekin
Kerejetak, esaterako, 20 urte baino gehiago daramatza txakurren trebatze lanetan; azken hamarrak, bereziki, Alanoaren edota Enkarterriko muturmotzaren inguruan daramatza.
Txakur arraza kasualidadez ezagutu zuela dio Kerejetak. Aldizkari espezializatu batean ikusi zuen lehen aldiz, eta arrazarekin “maitemindu” eta berarekin lanean hastea erabaki zuen.
Soria (Espainia) alde joan, eta
Azpi erosi zuen, orain dituen txakur guztien ama. Arraza ezagutzen hastea “polita” izan zela nabarmendu du. “Egunero txakurrak gauza berriak egitea posible zela erakusten zidan, eta horrek era askotara harritu ninduen. Urte hauetan guztietan, arrazari buruzko ezagutza lantzen aritu naiz, beste hezitzaile batzuekin egon naiz harremanetan, eta atzean zer mundu dagoen ikusi dut. Arraza ondo ezagutu ondoren, txakurrak berak zer aukera eskaini al dituen jabetu naiz”.

Mendi, Enkarterriko Alanoa
Hain zuzen ere, Alanoek orokorrean duten oreka mentalak asko harritu duela azpimarratu du. “Oso lasaiak dira eta ez dira erraz urduri ipintzen. Euren buruaren jabetza bikain mantentzen dute. Edozer egoeraren aurrean lasaitasuna mantentzeko gai dira. Txakur hauetan oso orokorra den ezaugarria da”.
Enkarterriko muturmotzak ezaugarri mental eta fisiko bikainak ditu, eta arlo guztietara ondo egokitzen da. Abeltzantza munduan ez eze, beste lan batzuetarako ere ibili daiteke
Oreka hori, gainera, txakurra beste hainbat diziplinatan hezteko orduan garrantzitsua dela deritzo. “Euren ezaugarri mentalak eta fisikoak direla eta, ingurune guztietara ondo egokitzen dira. Horrek guztiak aukera sorta ederra zabaltzen du. Abeltzantza munduan ez eze, beste lan batzuetarako ere ibiltzen hasi dira. Arlo askotan ondo moldatzen dira. Txakur hauekin, adibidez, terapia egokitua egin dugu, eta emaitza onak lortu dira. Orain, ordea, itsas salbamenduko probetan ere ari gara, eta txakurrek oso ondo erantzuten dute. Laister, gainera, erreskateko mintegi berezi baten ere parte hartuko dute”.

Hainbeste urteko lanaren ondoren, gaur egun, Alanoak txakurren erakusketetan ere ikusten hasi dira. Azkenaldian, esaterako, Mutrikun bertan jaio eta hazi diren
Mendi eta
Mutur txakurrekin 30 saritik gora lortu dituzte.
Horietan entzutetsuena maiatzean Madrileko udaberriko 87. nazioarteko erakusketan lortutako sariak izan dira. Baten ordez, bi lortu dituzte gainera. Bi urte egiteko dituen
Mendik txakur gazterik ederrenaren saria lortu du arretan eta, haren arrebak,
Muturrek sari berdina emeetan. “Sari bat lortzea zaila badirudi ere, bi batera lortzea izugarria izan da. Bidea luzea izan da, eta orain arte egindako lanaren onarpenik handiena da. Sari guzti hauek txakur arraza ezagutzera emateko onak dira. Egia esan, arrazari berari balioa emateko aukera ederra dira”.

Jon Kerejeta Mendirekin jolasean
Aurten ez eze, orain bi urte ere sari berbera atera zuten
Mendi eta
Muturren aitarekin,
Kaosekin, eta orain haren kumeek berretsi dute titulua. Mutrikun hazitako txakurrak kasta onekoak direla agerian utzi dute.
Edertasun sariez gain, ordea, beste hainbat diziplinatan ere sariak lortu dituzte.
Mendik, besteak beste, 400 kiloko zezenak harrapatzen Espainiako mailako arraza saria lortu du eta basurdeetan ere ondo moldatu da. “Hainbeste urteko lanaren ondorioz, gaur egun, lanean dabiltzan Alanoak ere esposaketetan ikusten dira”.
Gorpuzkeraz Alanoa oso txakur atletikoa da, aurrealdean potentzia handikoa eta korrikalari ona ere bada. “Lanerako txakur bat da, eta bere izatea hortxe dago. Bere gorpuzkera ere horretara egokitua dago, mendi malkartsuetara”.