60. hamarkada, frankismoa, Markina-Xemeingo historia hurbila, eta batez ere, debekatuta zegoen garai hartan, Zerutxu ikastolaren bidez, euskara ezkututik lehen planora ateratzeko herritik egindako ahalegina ezagutzeko aukera egongo dira, zapatu gauean, uztailak 11, Markina-Xeingo frontoi nagusian. 22:30ean hasiko da
Zerutxu Ikastolaren sorrera gogoratuz ekitaldia.

Ikasleak eta andereñoak Zerutxu Ikastolako gela batean ikasten. Argazkia: Zerutxu ikastola
Zerutxu Ikastolaren sorreraren 50. urteurrena zetorrela konturatuta, garai hartan egin zen beharra erakutsi eta omendu nahi izan dute herritar batzuek. Horrela, auzolanean, dokumental bat osatu, eta bihar gauean egingo den ekitaldian aurkeztuko dute.
Omenaldia eta ikuskizuna uztartuko ditu ordu eta laurden inguruko ekitaldiak. Ikastola sortzeko eta euskararen alde behar egin zutenei aitortza egin eta esker ona agertuko zaie, eta dokumentalagaz gain musika eta dantza ere egongo dira Xemein Abesbatza eta Zerutxu dantza taldearen eskutik.
Argazki erakusketa
Zerutxu ikastolaren nondik norakoak kontatzeko protagonistengana jo dute. Hau da, ikastola bultzatzen jardun zuten herritar, guraso, ikasle eta irakasleengana, besteak beste, eta beraien oroitzapenak jaso dituzte dokumentalean.
«1964-1965 ikasturtean jarri zuten martxan Zerutxu ikastola herritarrek. Zergaitik sortu zuten eta garai hartako egoeraren ezjakintasun asko dagoela ikusten genuen, eta, beraz, gure herriko historiaren atal garrantzitsu hori ezgutzera emateko ekimen bat antolatu nahi izan dugu», azaldu dute antolatzaileek.
Frontoi barruko ekitaldiaren ondoren, kanpokaldean jarriko duten argazki erakusketa ikusteko aukera ere egongo da, «kafe eta galletekin lagunduta».
Beste alde batetik, iparraldeko ikastolen aldeko borondatea jasoko dute. Antolatzaileek gogora ekarri duten modura, hegoaldean euskara hizkuntza ofiziala bada ere, iparraldean oraindik ez daukate egoera bera, eta elkartasuna adierazi ahalko da diru laguntza bat emanez.