Zesta puntaren garai onenen isla bilakatu zen zapatuan Gernika-Lumoko Jai Alai frontoia. 1.500 sarrera saldu nahi izan zituzten, eta frontoia bete egin zuten. Bizi osoan zaletuak izandakoak eta gazteak uztartu ziren Jai Alaiko hormen artean; batzuk eserita, gainontzekoak zutik. Guztira, 2.000 lagun baino gehiago izan ziren zapatu gaua Jai Alaian igarotzeko hautua egin zutenak. Iraganeko frontoi eta zesta puntaren itxura eman zioten egungoari: sarrerak agortuta, frontoira sartzeko ilarak, armailak erabat beteta, zutik zirenen jendetza… Zalantzarik barik, Jai Alairen gaua zen.

Binakako Zesta Punta Txapelketaren lehen masterraren finalak ekarriko zituen momentuen zain zegoen ikusleria, Calzada egoitzaren aldeko jaialdian. Gainera, zesta puntaren munduak eman duen puntistarik onenetakoa den Juan Mari Bengoa Txino markina-xemeindarra omentzekoak ere baziren Jai Alaikoak. Lekua ezin hobea zen, eta giroa ez kexatzeko modukoa. Eskaintza, gainera, aparta zen. Ikusleak, beraz, ikuskizunagaz gozatzeko gogoz eta irrikaz zeuden.
Ehunka eta ehunka lagun horien parez-pare zeuden, bestalde, egun horretako protagonistak: masterraren finalera ailegatutako puntistak, hain zuzen ere.
Pilotariak kantxara
Txino puntista ohiari omenaldia eginda, argi-proiektore bakarrak argiztatzen zuen frontoia, bertako iluntasunari ihes eginda. Pilotariak agertu ziren orduan, banan-banan eta jendartean. Jokalekura gerturatzen hasi ziren, publikoaren txalo artean. Lau pilotari, eta, horien artean, etxekoa: Diego Beaskoetxea. Gernikarraren presentziak astoratu egin zuen publikoa, eta animoz agurtu zuten herriko pilotaria.
Lau pilotari aurrez-aurre, guztiak Dania Jai Alai frontoitik etorritakoak. Aldazabal-Beaskoetxea Erik-Amigorenaren aurka. Eta urduritasun eta emozio artean, hasiera eman zioten esperotako partidari.
Beaskoetxearen kortadak eta Erik Mendizabal mutrikuarraren dejadak hasi zuten partida. Berriatuko Aldazabalek, berriz, errebeskada handia zuen bere alde, baina Amigorenak joko ona egin, eta publikoaren gustukoa izatea lortu zuen. Bost tantotara berdinduta, diferentzia markatu zuten Beaskoetxeak eta Aldazabalek, markagailuan 11-5 jarrita. Mutrikuarrak eta haren bikoteak, bestalde, markagailuan gerturatzea lortu bazuten ere, 15-11 amaitu zen lehen jokaldia.
Hiru egunetan, hirugarren partida zen Mendizabalena, eta nekea bistan zen. Dena den, partidari aurre egin, eta joko oso ona egitea lortu zuen.
Bizkaitarrak, nagusi
Gogor ekin zioten bigarren jokaldiari bizkaitarrek, markagailuan nagusituta. Urdinek ere ez zuten gaizki egin, eta 9 eta 10. tantoetan berdinketa eskuratu zuten. Berdinketa hausteko jokaldia izateko aukerak zituen Erik Mendizabal eta Amigorenak osatutako bikoteak. Baina Beaskoetxea-Aldazabal bikoteak hiru tanto egin zituen orduan. Finala ia-ia erabakita zegoen, eta Mendizabalek arriskatu beharra zeukan. Urdinek ez zuten etsi, eta aurrea hartzeko ahalegin mordoak egin zituzten. Dena den, ez zuten garaipena lortzerik izan, eta 15-10 bukatu zen bigarren jokaldia, Beaskoetxea eta Aldazabalen alde.
Garaipena, beraz, ez zen urrutira joan; Gernikako Beaskoetxeak eta Berriatuko Aldazabalek lortu baitzuten Binakako Txapelketaren lehen masterraren finala irabaztea.
Final nagusia ez ezik, Masterreko hirugarren postua zegoen jokoan zapatuan Jai Alain. Finalaren aurretik neurtu zituzten indarrak Oiharan-Alliezek eta Hormaetxea-Minviellek, eta lehenengo bikoteak lortu zuen garaipena.
Partida irabazi ala galdu, zesta punta oraindik ere bizirik dagoela erakusteko gai izan ziren zapatuan, Jai Alai frontoian bildutako puntista, zaletu zein herritarrak.