Espainiako Auzitegi Nazionaleko espetxe zaintzarako Jose Luis de Castro Antonio epaileak etxe kartzela egiteko aukera bigarrenez ukatu dio larriki gaixorik dagoen Ibon Iparragirre Burgoa preso politiko ondarrutarrari.
Iparragirrek aurretik ere eskatu zuen neurri hori aplikatzeko, baina ia hamar hilabete zain egon ostean, bigarrenez ezezkoa jaso du preso ondarrutarrak.
2014ko irailean atzera bota zion eskaera De Castrok, eta erreforma helegitea aurkeztu zuen presoaren abokatuak, baina oraingo honetan ere espetxealdi arindura bueltatzea ukatu diote, bere osasun egoera “egonkorra” dela argudiatuta.

Iparragirreren aldeko pintaketa bat Ondarroan
2014ko martxoaren 7an atxilotu eta berriro espetxeratu zutenez geroztik, ondarrutarraren osasun egoerak gainbehera egin baldin badu ere, espetxealdi arindua ukatu dio epaileak. Iparragirreren senide eta lagunek, ordea, guztiz kontrakoa ikusten dute: HIESak jota haren egoera egunez egun larriagoagoa dela, alegia. Senideen gertuko medikuek ere diote heriotza arriskuan dagoela preso ondarrutarra.
Gotzon Iparragirren presoaren anaiak ohartarazi duenez, “mugan” dago ondarrutarra. “Apirileko azken txosten medikuen arabera, karga birilak gorakada garrantzitsua jasan du eta bere defentsak nabarmen jaitsi dira. Lehen 150 inguruan izaten zituena, orain hiru hilabete 100 azpitik zituen. Pentsa pertsona osasuntsu batek 1.500 eta 2.000 artean izan ohi dituela defentsak. Hori ez eze, oro har, bere egoera asko okertu dela nabaritu dugu, eta berak dituen gaitzak asko areagotu dira. Azkenaldian oso haul ikusi dugu, ohi baino ahulago. Besteak beste, oinez ere ia ezin du egin, hankak erdi tatarrez eramaten ditu”.

Preso gaixo larrien aldeko mobilizazioak Ondarroan
Barikuan [uztailak 10] Espainiako
Ser irrati katearen bitartez jaso zuten albistea senideek. Ebazpenaren berri eurei eman aurretik hainbat komunikabideetara hedatzea ere ez dute begi onez onez ikusi Iparragirreren ingurukoek. “Egia esan, ez zaigu ondo iruditzen. Jakinarazpen ofiziala eduki aurretik askorek bazekiten horren berri”.
Senideen arabera, gainera, erabakiaren ebazpenak oso luze jo du. “Ez dakigu beste kasuetan zenbat irauten duen, baina pertsona baten bizia jokoan dagoenean erabakia azkarrago izan beharko litzatekeela deritzogu”.
De Castrok hartutako azken erabakiari dagokionez, Iparragirreren senideek helegitea aurkeztuko dute Auzitegi Nazionalean. Horretarako bederatzi egun izango dituzte, eta egunotan abokatuak berau zelan prestatu eta aurkeztu aztertzen ari dira. “Gure kalkuluen arabera, oporraldia dela eta, gutxien jota irailerako izango dugu erantzuna. Bien bitartean, Ibonek bigarren graduan jarraitu beharko du, kartzelan bere osasun egoerak okerrera egiten duen bitartean”.
Era berean, hurrengo egunotan Iparra Galdu Baik plataformak herritarrak mobilizatzera deituko dituela jakitera eman du.