Aurreko astean egindako ez ohiko bilkura eta gero, hurrengo agintaldian zazpi batzorde eragile egongo direla erabaki da Mutrikuko Udalean. EH Bilduko sei zinegotziek proposamenaren aurka egin zuten eta Berdeak Independenteak taldeko zinegotzi bakarra abstenitu ondoren, berdinketa eman zen bozketan. Ondorioz, alkateak bere eskumenez, erabakia onartzea erabaki zuen.
Ez ohiko bilkura tentsio handikoa izan zen, eta zinegotzien artean desadostasun ugari egon ziren. Horietako lehenengoa, hain zuzen ere, batzordeen eraketan izan zen.
Jose Angel Lizardi alkatea eta Josebe Astigarraga alkateordea
Zehatz esanda, EH Bilduk ez du begi onez ikusten zazpi batzorde egotea. Horren harira, batzordeak zazpitan banatzea hauteskundeen aurretik erabakita zuten planteamendua zela erantzun zuen Jose Angel Lizardi alkateak. “Ez da oraingo gauza izan. Aurreko agintaldian hamar batzorde egon dira, eta zenbait kasutan horiek ez direla hain eraginkorrak ikusi dugu. Praktikotasunari begira, zazpitan banatzea planteatu dugu; ez bertan lantzen ziren gauzak garrantzitsuak ez zirelako, baizik eta, batuta askosaz eraginkorragoak izan ahal direla iruditzen zaizkigu. Ez da izan gure neurrira hartutako erabakia, gure ikuspegiaren aldetik egokinea iruditu zaiguna baizik”.
Jon Naberan EH Bilduko zinegotziak, ordea, jeltzaleek hartutako erabakiaren bat ez zetozela nabarmendu zuen, eta aurkako botoa eman zuten. Naberanen arabera, batzorde kopurua ez dago “herriaren beharrei begira”, eta euren programari erreparatuz, Euskara, Ingurugiroa eta Hondakinen Batzordea falta dira proposamenean. “Bigarren indarra izanda, batzordeen kudeaketaz jabetzea alkatearen eskumena dela esanez, legala izango da, baina jeltzaleen alkatea dirudizu herritar guztiena baino. Ez da hobe lanak eta ardurak banatzea hamahiru kideon profilak ikusita eta adostuta?”.
Jon Naberan, EH Bilduko zinegotzia ezezkoaren arrazoien berri ematen
Berdeak Indepedenteak alderdiko Iñigo Agirre zinegotziari, aldiz, jeltzaleek emandako argudioak kontutan hartuta, batzordeak zazpitan banatzea “zentzuduna” iruditu zitzaion. “Batzordeak gutxitzearen arrazoi nagusia praktikotasuna eta eraginkortasuna dela esan da, eta hori ez dugu gaizki ikusten. Agintaldia hasteko zazpi batzorde izatea abiapuntu ona litzateke, denborak esango digu benetan merezi duen beste batzorde batzuk eratzea edo ez”.
Erabakiari dagokionez, Agirrek “abstenzio kritikoa” egin zion batzordearen eraketari. “Gure ustez, noizbait inflexio puntu batera iritsi eta elkarlanean lan egiteko gai izan behar genuke”.
Iñigo Agirre B+Iko zinegotzia bere argumentuen berri ematen
Batzordeak eratzeaz gain, beste puntu batzuk ere onartu zituzten zinegotziek. Besteak beste, organo kolegiatuetan udalaren ordezkariak izango direnak izendatu, udalbatzaren osoko bilkuraren maiztasuna, Mutriku Lantzen SA udal enpresa publikoaren Administrazio Kontseiluaren hautaketa, alkatearen ordainsaria edota zinegotzi bat liberatzea eztabaidatu ziren.
Proposatu ziren puntu guztien artean, lau bakarrik onartu ziren aho batez. Besteak beste, osoko bilkurak hilero azken eguenean 19:00etan batzea adostu zuten, edota Mutriku Lantzen administrazio kontseiluko ardurak hiru alderdien artean banatu zituzten.
Horrez gain, alkatearen ordainsaria zein izango den ere, bat etorri ziren guztiak. Ordainsariari dagokionez, aurreko alkatearen antzekoa izango dela adierazi zuen Lizardik. Hileroko soldata gordina 2.721,59 eurokoa izango da.
Bestalde, alkateak Josebe Astigarraga izendatu zuen alkateorde bakarra. Aurreko agintaldian egin modura, bere karguan dagoen bitartean egun erdiz liberatuta egongo dela erabaki zuten. Jeltzaleek eta Berdeak Independeteak alderdiak emandako aldeko botoekin onartu zen Astigarragaren ardura berria eta soldata. Gobernazioburu lanei deritzonez, horiek Ion Ganbrak beteko ditu.
Organo kolegiatuetara udal ordezkariei dagokionez, printzipioz, denak jeltzaleen menpe geratuko dira.