Zerutxu ikastolaren sorrera eta garai hartako euskararen egoera ekarri zituzten gogora, joan den zapatu gauean, frontoi nagusian, ekitaldi «xume eta polit» baten bidez. Lehen gau eskolak, euskal jaiak, dantza taldeak… Ikastola, hezkuntza proiektu soil bat baino haratago zihoan egitasmoa zela azaldu zuten dokumental baten bidez, galtzeko zorian zegoen euskara sustatzeko proiektu kultural oso bat.
Zerutxu Dantza taldearen dantza saioa ekitaldian.
Patxi Juaristi soziologo markina-xemeindarrak kokatu zuen testuingurua, eta Zerutxuko andereñoen kontakizunekin katiatzen joan ziren historia. Nekane Aginagak, Garbiñe Arratek, Mari Karmen Ibarzabalek eta Tere Maiztegik azaldu zuten ikastolaren ibilbidea hasieratik Bera Kruz ikastetxeagaz bat egin zuenera arte. Hasierako debeku eta oztopoak eta ondorioz, leku aldaketak aitatu zituzten, baina bai eta ilusioa, lanerako gogoa, sormena eta zeukaten giro ona.
Batetik bestera
Udaltzaingoen lokalean, Karmengo elizako kaperan eta komentuan, etxeetan eta frontoi ondoko lokaletan ere egon zen Zerutxu, eta hasierako bost umeak laster biderkatu ziren. Jabier Kaltzakorta Euskaltzaina izan zen euretako bat, eta orduko oroitzapen «politak» kontatu zituen. Ikastolara ikasleak bidaltzen ausartu ziren gurasoen ikuspuntua berriz, Rosario Bustinduik jarri zuen. Lauren Aretxabaletak bestalde, hainbat herritar ekintzaileek egindako lana azaleratu zuen, inspektorea hurbiltzen zen bakoitzean gorriak ikusi behar izaten zituztela azpimarratuz.
1964an sortu zen ikastola eta handik urte gutxira, 1968an, Zerutxu dantza taldea. Horrela, ekitaldian egon ziren dantzariak ikuskizun dotorea eskainiz. Xemein abesbatzak osatu zuen ekitaldia Garaziko Herria eta Urepeleko artzaina abestuz, eta ikusle guztiak bat eginda Euskal Herrian Euskaraz kantatuz amaitu zen.
[nggallery ID=272]