Zerutxu proiektua gogora ekarri dute, ekitaldi bereziagaz
Herrian galtzear zegoen euskara sustatzeko hezkuntza eta kultur proiektu bat jarri zuen abian herriko ekintzaile talde batek, eta horiei guztiei aitorpena egin nahi izan dieteZerutxu ikastolaren sorrera eta garai hartako euskararen egoera ekarri zituzt...
Herrian galtzear zegoen euskara sustatzeko hezkuntza eta kultur proiektu bat jarri zuen abian herriko ekintzaile talde batek, eta horiei guztiei aitorpena egin nahi izan diete
Zerutxu ikastolaren sorrera eta garai hartako euskararen egoera ekarri zituzten gogora, joan den zapatu gauean, frontoi nagusian, ekitaldi «xume eta polit» baten bidez. Lehen gau eskolak, euskal jaiak, dantza taldeak… Ikastola, hezkuntza proiektu soil bat baino haratago zihoan egitasmoa zela azaldu zuten dokumental baten bidez, galtzeko zorian zegoen euskara sustatzeko proiektu kultural oso bat.Patxi Juaristi soziologo markina-xemeindarrak jarri zuen testuingurua, eta Zerutxuko andereñoen kontakizunekin katiatzen joan ziren historia. Nekane Aginagak, Garbiñe Arratek, Mari Karmen Ibarzabalek eta Tere Maiztegik azaldu zuten ikastolaren ibilbidea hasieratik Bera Kruz ikastetxeagaz bat egin zuenera arte. Hasierako debeku eta oztopoak, eta, ondorioz, leku aldaketak aitatu zituzten, baina bai eta ilusioa, lanerako gogoa, sormena eta zeukaten giro ona.
Udaltzaingoen lokalean, Karmengo elizako kaperan eta komentuan, etxeetan eta frontoi ondoko lokaletan ere egon zen Zerutxu, eta hasierako bost umeak laster biderkatu ziren. Jabier Kaltzakorta Euskaltzaina izan zen euretako bat, eta orduko oroitzapen «politak» kontatu zituen. Ikastolara ikasleak bidaltzen ausartu ziren gurasoen ikuspuntua berriz, Rosario Bustinduik jarri zuen. Lauren Aretxabaletak, bestalde, hainbat herritar ekintzaileek egindako lana azaleratu zuen, inspektorea bertaratzen zen bakoitzean gorriak ikusi behar izaten zituztela azpimarratuz.
1964an sortu zen ikastola, eta handik urte gutxira, 1968an, Zerutxu dantza taldea. Horrela, ekitaldian egon ziren taldeko dantzariak, ikuskizun dotorea eskainiz. Xemein abesbatzak osatu zuen ekitaldia Garaziko Herria eta Urepeleko Artzaia abestuz, eta ikusle guztiek bat eginda, Euskal Herrian Euskaraz kantatuz amaitu zen.