
Apirilaren erdialdera Donostian egindako agerraldia.
EITBk adierazpenen hizkuntza tratamendua arautzea berri “pozgarritzat” hartu du Lea-Artibai Euskarari elkarteak.
Euskal Herriko eragile desberdinen eskariari erantzunez hartu dute erabakia, hein handi batean.
Hain zuzen ere, Euskal Herriko kirolari eta kultur arloko aurpegi ezagunek agerraldia egin ztuen apirilaren erdialdera, Donostian.
Bertan honako eskaera egin zuten: “EITBko zuzendaritzak agindua eman diezaiela kazetari guztiei euskaldunak gaztelaniaz hitz egitera ez behartzeko, eta arretaz zaindu dezala agindua betetzen den edo ez”. Zehaztu zutenez, agindua arau bihurtzea zen haien desioa.
Eta orain, adierazpenen hizkuntza tratamendua arautzean, aldarrikapen horri erantzuna eman dio EITBk. Ibon Aginaga Lea-Artibai Euskarari elkarteko kide, eta UEMAko hizkuntza normalkuntzarako teknikariaren berbetan, “pozgarria da, orain ikusi beharko da betetzen duten edo ez”.
Lea-Artibaitik Euskal Herri mailara
Aginaga hasieratik ibili da ekimen honen atzean. Euskal Herri mailako eskaria izan aurretik, duela pare bat urte, Lea-Artibai mailan arazo honen inguruan kezkatuta zeuden zenbait eragile batu baitziren. Lea-Artibai Euskarari elkarteko kideak eta eskualdeko kultur eta kirol eragile desberdinak elkartu ziren.
Lanketa horretan, Urola Kostako eragileekin eta UEMAko kideekin harremanetan jarri, eta guztiak batera EITBko zuzendaritza taldekoekin batzartu ziren. Bileraren ostean, aurrerapauso gutxi batzuk antzeman zituzten, baina, jarraibide zehatzik ez zela ikusi zuten.
Hala, pixkanaka Euskal Herri mailara zabaldu zen egitasmoa, eta kirolari eta kulturgile ezagunek agerraldia egiteaz gain, agiri bat ere sinatu zuten.
EITBri ez ezik, herritarrei ere luzatu zieten eskaria. Besteak beste EITB euskararen normalizazio bultzatzeko sortu zela aintzat hartuta, errealitatea “ez desitxuratzeko”, eta jendearen hautua “errespetatzeko” eskatu zuten. Eta herritarrentzako eredua den heinean, bertan azaltzen direnak “naturaltasunez eta normaltasunez” euskaraz agertzea eskatu zuten.
Bestalde, herritarrei eroso sentitzen diren hizkuntzan aritzeko duten eskubideaz baliatzeko gomendioa luzatu zieten.
Hautuak errespetatu
EITBren hizkuntza tratamenduen araudian, euskarazko eta gaztelaniazko adierazpenak lantzeko irizpideak zehaztu dituzte, kazetariek “egoki jokatzen jakin dezaten gizarte elebidun honetan”.
Elkarrizketatuen hizkuntza hautua errespetatzea «funtsezko» jarraibidea dela nabarmendu du komunikabide publikoak. “EITBko kazetariek, adierazpenak eskatzeko orduan, garbi utziko dute EITBk ez duela inposatzen euskaraz egitea, gaztelaniaz egitea edo bietara egitea”.
Jakinarazi dutenez, modu naturalean euskarari “leiho” bat zabalduko zaio ETB 2ko, Radio Euskadiko eta Radio Vitoriako albistegietan eta magazinetan.
Diotenez, adierazpenetako hizkuntzaren bitartez, gizartearen “erretratu” bat egin daiteke, eta EITBn “oso garrantzitsutzat” jotzen dute erretratu horretan euskarak “leku nabarmena” duela erakustea.
Era berean, azpimarratu dute EITBren 2013-2016 Plan Estrategikoan euskarari dagokion lerroaren helburua hedabideetan euskara kontsumitzeko jarrera “sustatzea eta normalizatzea” dela. Horretarako, bi proiektu zehaztu dituzte: “gaztelaniazko kanaletan euskarari tokia egitea, eta euskarazko kanaletan erabiltzen den euskararen gaineko gogobetetasuna handitzea”.