Angel Etxaniz Olabarria ondarrutarraren alargunak orain hiru urte jarritako helegitea onartu du Espainiako Auzitegi Nazionaleko Administrazioarekiko Auzien Bosgarren Atalak, eta horrenbestez, “terrorismoaren biktima” modura kalte-ordaina jasoko dute haren oinordekoek.
Atzo [uztailak 14] izan zuten senideek albistearen berri eta Espainaiko Auzitegia Nazionalak hartutako erabakia begi onez ikusi dute. “Berri oso pozgarria izan da denontzat, aspaldian zain geunden. Legez tokatzen zaiguna hartuko dugu orain. Abokatuaren deia jaso aurretik, kasualitatez telebistan entzun nuen berria, eta pentsa, ia ezin nuen sinestu ere egin. Hala ere, berria gazi gozoa dela deritzogu. Aurkeztu ziren helegite guztietatik onartu den bakarra gurea izan da”, azaldu du Amaia Etxaniz Angelen alabak.
Urteak zeramatzaten erabakiaren berri izateko zain, eta senideen arabera luze jo du itxaroteak. Sententziaren berri informazio gutxi dute eta hurrengo asteotan dena argituko dela uste dute. “Berriaren aurrean urduri ere bagaude. Izan ere, urte luzez ate bat ezin itxita egon gara, eta oraindik ez dakigu hau guztia noiz amaituko den, baina onartutako sententzia hori guztia lortzeko aurrerapauso handia da”.

Bere hilketaren 34. urteurrenean Etxanizi Zaldupen egindako omenaldia
Zehatz esanda, “terrorismoaren biktimak” deritzonak babesteko 29/2011 legearren arabera hartu dute azken erabakia.Hartara, Etxanizek “ETA erakunde terroristagaz inongo zerikusik ez zuela” onartu ostean, Espainiako Barne Ministerioak laguntza eman beharko die. Erabakia hartu duten epaileen arabera, ezin da egiaztatu talde terrorista batekin parte hartu zuen edo ez. “
Egin taldeko egunkarian egin zuen lana, mugimendu abertzaleetan inguruan aritzea edota Herri Batasunako militante izatea, ez dute talde terroristako kidea izatera behartzen”.
Angel Etxaniz 1980ko abuztuaren 30ean hil zuten tiroz 34 dantzatokian. Ezezagunek zortzi tiro egin zizkioten Etxanizi, horietako bik bihotzean eman zioten eta momentuan hil zen. Atentatua Batallon Vasco Español-ek bere gain hartu zuen.
Argitara irten duten datuen arabera, Etxanizen senitartekoek aurretik kalte-ordain jasota zuten. 2000. urtean 69.000 euroko jaso zuten 1999ko terrorismoaren biktimei elkartasuna agertzeko legea onartu ostean.
Orain onartu dioten laguntzari dagokionez, 2011n egin zen erreforma legalaren ostean, Etxanizen alargunak kalte-ordain berri bat eskatzea erabaki zuen 2012an, baina Espainiako Ministeritzak atzera bota zuen orduan eskaera.

Aiora eta Amaia Etxaniz, ‘Deklaratu gabeko gerra’ liburuaren aurkezpenean. Argazkia: Turrune
Kasu hartan, Guardia Zibilak igorritako txosten batean oinarritu ziren laguntza ukatzeko. Hain zuzen ere, frogarik aurkeztu ez bazuten ere, “ETA politiko militarraren kidea” zela zioen txostenak. Etxanizen inguruan bigarren txosten bat eskatu zuten, eta haren arabera, Etxanizek ez du talde terroristagaz loturarik; “Guardia Zibilak egindako txostenean ez zuten hori baieztatzen zuen inongo frogarik aurkeztu. Beraiek zehaztutakoaren arabera, ETAko entziklopedia delakoaren agirien artean agertzen zen ondarrutarraren izena”.
Are gehiago, Espainiako Auzitegi Nazionalaren arabera, ETAko entziklopedia delakoan ez da agertzen Etxanizen izenik, eta “hil zutenean parte aktibo zen erakundeek ez zuten ETArekin zerikusia zuzenik”. Arrazoi horiek guztiak kontutan hartuta, ondarrutarraren alargunak jarritako helegitea onartzea erabaki dute.
Kontrako kasuan, aldiz, Espainiako Barne Ministerioak kalte-ordainak ukatu egin dizkiete Batallon Vasco Español-ek, Triple A-k eta GAL-ek hildako 40tik gorako beste hainbat biktimari, “ETAren inguruarekin” lotura dutela argudiatuta.