
Santixo Egunean emango diete Malen jaiei amaiera mutrikuarrek. Aurten, zapatua izanik, jendetza biltzea
espero dute. Giro ederrean egoteko hamaika ekitaldi izango dituzte aukeran; horien tartean, berrikuntza ugari.
Herritarren parte hartze “zabalarekin” prestatu dituzte aurten ere herriko jaiak, eta horren adibide da azken eguneko ekitaldi sorta.
Izan ere, iaz Malen Egunaren aurreko asteburuarekin egin bezala, oraingoan, jaietako azken eguna indartzeko erabakia hartu dute. “Zapatua tokatzen denez, jai batzordeak eta udalak Santixo Eguna indartzearen alde egin genuen”, azaldu du Iratxe Gimenez Mutrikuko Udaleko Kultura teknikariak.
Kultur zein kirol ekitaldi ugari egingo dituzte egunean; horietako batzuk, estreinako, gainera. Mutrikuarrek egunpasa ederra egiteko aitzakia dute malenak borobiltzeko egunean.
Goizean hasi eta eguerdira bitartean, Arte Eskolak antolatutako Ageriko 35. Margo Sariketa lehiatuko dute. 10:00etan hasi, eta 14:00ak bitartean ibiliko dira partaideak sormena lantzen, herriko paisaiak irudikatzen.
Kultura teknikariak azaldu duenez, “arrakasta handiko” ekitaldia izan ohi da. “Herri txikia izateko jende dezente etortzen da; jai eguna izateak edo ez izateak eragina du, baina 40-60 lagun artean biltzen ditu”.
Mutrikuko Arte Eskolako zenbait kiderekin batera, kanpotik etorritako jende askok parte hartzen du, urtero. 14:00etan artelanak jaso, eta epaimahaikideek aztertu eta puntuatu ostean, 18:00etatik aurrera banatuko dituzte sariak, Zabiel Etxean.
Aurtengo jaietako berrikuntzetako bat okela eta sagardo dastaketa eta Bertxotx saioa uztartzea izango da. Beste urteen antzera, okela eta sagardoa dastatuko dituzte, baina, oraingo honetan, bertsoz girotuko dute ekitaldia.
Alaia Martin eta Iñigo Mantzizidor Mantxi ariko dira bertsotan, eta Guillermo Castaños Sagardogileen elkarteko etnologoaren gidaritzapean egingo dute dastaketa. Hain zuzen ere, bertaratzen diren guztiek hiru sagardo mota dastatzeko aukera edukiko dute. “Bata naturala, beste bat Eusko labelduna, eta, bestea, zuku moduko gauza berri bat”.
Uztailaren 25 arratsaldea ere “nahikoa indartsu” dator. Esaterako, Zumaiako Inpernupe taldeko kideek zenbait euskal pertsonaia mitologikoren ikuskizuna antzeztuko dute, Irurtzungo Iskidi taldeko joaldunek lagunduta. “Lehenengoz egingo da ikuskizun hori herrian, eta antzezpenaz gain, kalejiran ibiliko dira Goiko Plazan”.
Aurretik baina, capoeira erakustaldiaz gozatu eta tailerrean parte hartzeko aukera izango du nahi duenak, leku berean. Hori 17:00etan hasita izango da. Batez ere, umeei zuzenduta prestatu dute, eta doakoa izango da. Ikuskizuna bukatu ondoren, 19:00ak inguruan, capoeira taldeko partaideek eta batukadakoek kalejira egingo dute Beheko Plazatik abiatuta.
Halaber, 19:30ean, Nizuri Tazuneri taldearen kontzertua egongo da Beheko Plazan, eta 23:00etatik aurrera, Sustrajah Band eta Joxe Replay taldeek girotuko dute ingurua.
Kirol ekintzei dagokienez, zesta-punta partida prestatu dute Santixo Egunerako. 22:30ean jokatuko dute Miruaitz pilotalekuan. Danok Bat Pelota elkarteak antolatzen duen hitzordura ere ez dute hutsik egiten herritarrek.
Egunak argitu arte
Hilaren 25ean gaua luzatu egingo dute aurten, eta hori da beste berrikuntzetako bat. Normalean, Anaiarteko abesbatzaren emanaldiarekin bukatu izan ohi dituzte jaiak. Aurten, hala ere, DJ emanaldiak egongo dira horren ostean, Goiko Plazan eta Gaztetxean. Eta Goiko Plazan, 23:00etan hasiko da abesbatzaren saioa, eta haiek bukatzen dutenean, Makala DJak dantzan jarriko ditu bertaratutakoak.
Gaztetxean, berriz, 01:00etatik aurrera, The Sinbusters DJ-en txanda izango da.
Kultura teknikariak uste du, herri txikia izateko programa “indartsua” dutela, eta hori, jendeari eta herriko taldeei esker dela: “Beti esaten dugu, azkenean, behetik antolatzen denak arrakasta gehiago daukala, goitik antolatzen denak baino”.