Egun nagusia, ohituraz beteta
Aurreskua, bandaren kontzertua, herri kirolak, zesta partidak, bertsoak... Karmen Egunean usadio bihurtu diren ekimenekin ospatu zuten jaietako egun nagusia.Dotore jantzi zen atzo Markina-Xemein, jaietako egun nagusia ospatzeko. Beti-betiko usadioak iz...
Aurreskua, bandaren kontzertua, herri kirolak, zesta partidak, bertsoak… Karmen Egunean usadio bihurtu diren ekimenekin ospatu zuten jaietako egun nagusia.
Dotore jantzi zen atzo Markina-Xemein, jaietako egun nagusia ospatzeko. Beti-betiko usadioak izan ziren nagusi, eta herritarrak «gustura» hartu zituzten, beste behin ere.Karmen Eguneko meza nagusia amaituta, Goiko Portalaren bueltan batu ziren herritarrak eta udal ordezkariak Aurreskua ikusteko. Zerutxuko dantzariek eta dantzara gonbidatuko herritarren ikuskizuna gogoz txalotu zuten.
Jazz eta swing doinuak entzuteko aukera egon zen ondoren, Big Band Classic bandaren eskutik. Alde zaharretik kalejira txiki bat eginda, kontzertua eskaini zuen Arkupean. Bakarkako saioak ere egin zituzten instrumentu ezberdinekin.
Zelaiko herri kirol erakustaldia eta Uhagoneko bertso saioa ez ziren falta izan arratsaldean. Iparraldeko jokoetan aritu ziren Jon eta Jose Lapazaran anaia markina-xemeindarrak, Jon Loiola dimarra eta Tubi. Harri zulatzen egin zuten Gallartako taldeko Jabier Frandon eta Susana Maldonadok. Aimar Irigoien errezildarrak 125 kiloko harria altzatu zuen eta bi aizkolari bikotek egin zuten aizkoran: Aratz eta Ugaitz Mugerza anai mutrikuarrek eta Aritz Irazabal eta Aitzol Atutxak.
Eguraldiari begira
Karmenetan herri bazkaria egin edo ez egin gaur erabakiko du Markina-Xemeingo Udalak, eguraldiaren iragarpena jakin ondoren. 2.485 pertsonak eman dute bazkarian parte hartzeko izena. Eta hain zuzen ere, izena eman duten talde guztietako ordezkariei mugikorreko mezu batekin jakinaraziko die udalak erabakia. Baina, nahiz eta herri bazkaria bertan behera geratu, ez dute dirua bueltatuko. «Izan ere, ekintza egin edo ez egin, zerbitzuaren %10 ordaindu egin behar da». Horrela, herri bazkaria ez egitea erabakitzen bada, udalak jartzen dituen ohiko bitartekoak (mahaiak, aulkiak eta ontziak) ere ez direla eskuragarri egongo jakitera eman dute udal ordezkariek.