Urte guztiko nekeak eta ardurak alde batera utzi, eta lagunartean gozatu eta ospatzeko egunak ekarriko dituzte Malen jaiek. Beti-betiko ekimenez gain, hainbat berritasunekin etorriko dira jaiak. Mutrikun, esate baterako, Jai Batzordeak eta Herritxarron Malen Jaxak antolatzen aritu diren herritarrek ekimenez blai datozen jaiak prestatu dituzte.
Santixo Eguna heldu bitartean, hainbat gauza egiteko aukera egongo da. Itxapleruak emango die hasiera jaiei, baina aurretik ere zerrez gozatu egongo da Mutrikun.

Sorginerrekako kideak ‘slackline’ egiten
Sorginerreka Eskalada Taldearen eskutik, esate baterako, inguruotan gero eta ezagunagoa bihurtzen ari den kirol bat probatzeko aukera egongo da. Malen bezperan, 17:00etatik aurrera, funanbulismoaren antzerakoa den slackline deritzon saioa egingo dute Plaza Txikin.
Erakusketa horrekin kirola ezagutzera eman nahi dute Sorginerrekako kideek. “Gure asmoa, kirol hau ezagutzera eman, eta etorkizunean berau praktikatzen jende gehiago aritzea da. Batez ere, gazteei bera kirola zer den ikusteko eta probatzeko aukera ematea ona zela bururatu zitzaigun elkarteko kideoi, eta horregatik antolatu dugu saioa. Slackline-aren oinarrizko gauzak irakatsiko ditugu eta ausartzen diren herritarrek erakusketa egiteko aukera ere izango dute”.
Hartara, zailtasun desberdinetako zintak ipiniko dituzte. “Modu horretara, bat zein bestea probatzeko aukera egongo da. Herritarrak saioa ikustera eta kirola probatzera animatu nahi genituzke. Jendea animatzen baldin bada, ibiltzera etortzera gonbidatzen ditugu. Eta gustatzen zaien guztiei, aurrerantzean, elkartera etorri eta ateak irekita izango dituzte”.

Sorginerrekako kideak ‘slackline’ egiten
Kirola egiteko oreka edukitzea ezinbestekoa da, baina horrez gain, lasai egotea ere oinarrizkoa dela diote berau praktikatzen dutenek. “Garrantzitsuena, zinta gainean zaudenean gauzak lasai hartu, eta pauso bakoitza nola eman behar duzun ondo pentsatu eta arreta jartzea. Zentzu guztiak erne egon behar dira. Pausoak txikiak baino, zer edo zer handiagoak ematea komenigarriagoa da, eta horiek ematen ari garenean, besoak zabalik izanda, hobeto kontrolatuko dugu norbere oreka erdigunea eta gorputzaren pisua. Hankak ere, hobe da bakarra zinta gainean edukitzea, eta bestea oreka puntu hori aurkitzen egotea”.
Zenbat eta soka luzeago izan, zailagoa suertatzen da. Zurruntasuna galtzen joaten da eta mugitu ere gehiago egiten da, hortaz, gehiago kostatzen da sokaren gainean mantentzea.
Dibertigarria da oso, eta hasiera batean nahikoa zaila baldin bada ere, orduak praktikatzen eman ostean, gauzak errazten hasten dira. Probatzen dutenek errepikatu egiten dute. “Lehenengo ekinaldian pare bat pauso emango dituzu, baina ordubete inguruan zinta erdi egitera ailegatzen zara. Gustua hartu, eta egunez egun gehiago egiteko gogoarekin etortzen da jendea”.

Sorginerrekako kideak ‘slackline’ egiten
Sorginerrekako kideek, esaterako, duela lau bat urte probatu zuten kirola estreinakoz, eta orduz geroztik zale gehiago ditu. Eskalada elkarteari deritzonez, berau osatzen duten 50 lanetik, ia laurdenak egiten du.
Hain zuzen ere, gero eta jende gehiago erakartzen duen diziplina da, eta mendian zein hondartzetan gero eta jende gehiago ikusten da berau praktikatzen. Ia edozein tokitan egin daitekeen kirola da, eta espazio gutxi behar du. Bi zuhaitz edo bi zutoinekin nahikoa da, horietan artean zinta zabaldu eta jolasten hasteko.
Mutrikun, besteak beste, hainbat gunetan zintak ipintzen dituzte eta orduz luzez trikimailu berriak ikasten ibiltzen dira. Horietan ezagunena, Galdonamendin dago. Bertan dauden zuhaitzek eta lurzoru lauak kirola egiteko aproposa da.
EGITARAUA-MALEN JAIAK