Aurpegiak margotu eta jolasean dabiltza umeak eta gaztetxoak. Hiru puzgarri handi Zelaian, saltoka ibiltzeko, eta Kemen Euskadiko Kirol Fisikoen Elkartearen eskutik zirkuitu bat ere badaukate Arkupean. Zirkuitu horretan, pedalak eskuekin ematen diren txirrinduen gainean ibil daitezke, salloma egin aulkien gainean, Boccia jokoan eta igelaren jolasean ibili eta saskibaloian ere jolastu dezakete. Kirol guztiak probatu ondoren, marrazki bat eginez amaitzen dute zirkuitua.

Umeak aurpegia margotu dute Zelaiko txoko batean.
Txoko guztietan dabiltza umeak, bai eta herrian zehar aringa-aringa ere, buruhandien ihesi. Trenerako ere ilara handiak egin dituzte, eta freskatzeko, ihinztatzaileak jarri dizkie udalak, Zelaian.
Trikitixa eskolakoek jarri diote doinua goizari. Alarabigaz batera, kalejiran ibili dira herrian zehar.
Arratsaldean ere, parkea edukiko dute umeek 16:00etatik 19:00etara, eta gero dantzan egiteko, Oihan Vega DJ-a egongo da Goiko Portalean.

Kemen Euskadiko Kirol Fisikoen Elkarteak antolatutako zirkuituan txirrinduekin ibili dira gaztetxoak.
Gazteek ere izango dute jolaserako aukera. Izan ere, gaur 18:30ean gazteen pentatloia dago, txosna gunean hasita.
Bazkaria, aurrera
Eguraldiaren iragarpenari begira egon dira gaur goizean, markina-xemeindarrak. Gaur erabaki behar zen, jaietako ekitaldi jendetsuena, herri bazkaria egingo bazen edo ez. Iragarpenen arabera, bihar ez du euri askorik egingo eta beraz, herri bazkaria Zelaian egingo da bihar [uztailak 18].
Urtero modura, mahaiak eta aulkiak jartzeko, kuadrilla bakoitzeko bi lagun joan behar direla gogora ekarri du Markina-Xemeingo Udalak. Muntaiako hitzordua 08:30ean izango da Zelaian. Baskalostean ere, mahaiak eta aulkiak jaso egin behar dira.
Hauxe izango da Zelaiko planoa:

Bazkaria antolatzeko kopuruak ere jakitera eman ditu udalak. Mahai eta aulkiak 6.947,25 euroko kostua daukate eta ontzi berrerabilgarriak 4.158,98 euro. Kit berrerabilgarriak jasotzeko gunea, agertokiaren aurrean jarriko dute. Ekitaldia amaitutakoan bertan jarriko dituzten kutxetara itzuli bahar dira kit berrerabilgarriak (platera, edalontzia eta mahai tresnak). Garbitzeaz eta gordetzeaz, udala arduratuko da. Bazkariaren muntaketa herritarren diruagaz ordaintzen dela gogora ekarri du udalak. “Galdutako edo apurtutako materialaren kostuak hauek dira: aulkiak 22 euro, mahaiak 85 euro eta ontziak 1,50 euro”, zehaztu du.
Bestalde, kuadrilla bakoitzak bere hondakinak berezita botatzeko hiru gune egongo dira: agertokiaren albo batean bata eta Zelaiaren beste puntan, albo banatara, beste biak.
[nggallery ID=274]