Umetandikan sortzen zaizkigu doiñu ta abestien griña. Horixe dio Mutriku herria abestiak. Eta Malen bezpera egunean [uztailak 21], herritarrek argi erakutsi zuten musikarenganako griña odolean daramatela. Izan ere, euripean ere, Mandazketa elkarteak antolatzen duen danborrada egin egin zuten herritarrek.
Iragarri modura, 23:00etan, danbor joleak Goiko Plazatik Beheko Plazarako bidea hartu zuten. Herritarrek, aterpeetan, ilusio handiz jarraitu zuten urteroko hitzordua. 23:45 inguruan berriro Goiko Plazan sartu ziren danbor joleak. Pare bat pieza eskaini ostean, Mutriku herria joaz amaitu zen Malen jaiei hasiera ematen dion danborrada. Euria ari zuela eta, musikariek eta danbor joleek pieza gutxiago jo zituzten Goiko Plazan. Edonola ere, euritan ere, danborrada egiteko gai direla erakutsi zuten mutrikuarrek.
Miruiatz frontoiko haur parkea
Malen Egun [uztailak 22] handia bustita, baina goi-goitik ospatzeko gogoarekin hasi dute mutrikuarrek. Urtero egin modura, musika bandako kideak Goiko Plazan batu dira, eta ondoren, kalerik kale ibili dira diana jotzen.
Euria dela eta, besteak beste, hainbat aldaketa egin behar izan dira egitarauan. Goizean, esate baterako, Egañaneko frontoian egitekoa zen haur parkea Miruiatzen eta Txantxangorrirekin egin beharreko goizpasa Zabielen egin dituzte. Bateko zein besteko ekintzetan gaztetxoek jolasean ondo pasatzeko aukera izan dute.
Eguerdirako, ordea, eguraldia jasotzen hasi da, eta noizean behin tantaren bat edo beste jausi baldin bada ere, nahikoa jende batu da bandaren Malen Eguneko kontzertu berezia ikustera.
Goiko Plazan batu diren musika zaleek gaurkoan zutunik ikusi behar izan dute kontzertua. Ordainetan, musikariek errepertorio ederrerarekin eskertu die euren presentzia. Gaur egungo zein beti-betiko piezak entzun ahal izan dira: Dauder pasodoblea, El Barberillo de Lavapies, Donostia euskal pasodoblea, A medieval suite, The eighties eta The blues factory. Era berean, ohitura bilakatu den modura, beste piezaren bat edo beste ere eskaini dituzte kontzertuaren bukaeran, Goiko Plazan batu direnen gozamenerako.
Karaokea
Arratsaldean, aldiz, Txantxangorri aisialdi taldekoen eskutik karaokea egin dute Beheko Plazako arkupean. Aterpea gaztetxoz bete da, eta gaurko zein beti-betiko euskal kantuak abesteko aukera izan dute oholtza gainera igo direnek.
Abestu duten lehenengo kantuak, gaurko egunarekin zerikusi handia zuen. Hain zuzen ere, Gatiburen Euritan dantzan aukeratu zuen lehen kuadrillak.
Behietako bat publikoarengana hurbildu da
Arratsaldea aurrera joan ahala, jaietako lehen sokamuturra egin dute Itziarko Markes de Saka ganadutegiko zezen eta behiekin. Bertan parte hartu duten gazteek gozatu ederra hartzeko aukera izan zuten kalean gora eta behera saltaka.
Uztailak 23ko egitaraua. Malen txiki eguna
11:00-14:00. Haur parkea Egañaneko frontoian.
11:30. Txistulariek lagunduta, erraldoien eta buruhandien konpartsaren kalejira.
12:00. Gure Ametsa dantza taldearen kalejira eta erakustaldia Goiko Plazan.
Ondoren. Pottokak eta zezen txikiak Goiko Plazan.
14:30. Beheko plazan elkartasun bazkaria. Antolatzailea: Herritxarron Malen Jaixak.
16:00. Beheko Plazan, Ez aurkeztuak taldearen kantaldia. Antolatzailea: Herritxarron Malen jaixak.
17:30. Goiko Plazan gazte ginkana. Antolatzailea: Herritxarron Malen jaixak.
20:00. Umeen danborrada.
22:30. Goiko Plazan, Gaur Jaia! taldearen eskutik umeentzako berbena.
23:00. Beheko Plazan, bertso musikatuak Nerea Ibarzabal, Onintza Enbeita, Ane Labaka eta Miren Amuriza bertsolariekin. Antolatzailea: Herritxarron Malen jaixak.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.