Tokiko Gobernu Batzordean parte hartzea baloratuko du EH Bilduk
Agintaldiko lehen osoko bilkuran EAJk egindako proposamena aztertuko du Lekeitioko EH Bilduk. Tokiko Gobernu Batzordean parte hartzea eta batzorde burutza bi hartzea eskaintza interesgarritzat jo dute, eta, baloratzeko modukoa dela nabarmendu dute. «H...
Erabakiaren garrantzia ikusita, udaldia erabiliko dute proposamena aztertu eta maila guztietan kontrastatzeko. «Bai indar politikoekin, baina baita oinarri sozial edo eragile desberdinekin ere». Helburua, EH Bilduren ustez, udala osatzen duten talde desberdinen ikuspegiak barneratzea izan beharko litzateke, bakoitzak hartutako ardurak aurrera eramateko orduan.
Plenoaren aldizkotasunari dagokionez, bestalde, bi hilabetean behin egitea ondo iruditu zaie. «Batzorde eta lantalde desberdinetan lana banatzearen ondorioa da-eta erabaki hori, eta EH Bilduk berak planteatu zuen horrela, aurreko legealdian». Harridura sortu die baina, bere garaian EAJk erabakia kritikatu eta kontra bozkatu izana, eta orain, irizpide berbera, ontzat ematea.
Liberazioen inguruan hartu duen erabakiagaz ere, EAJ kontraesanean murgildu dela diote. «Behin eta berriz entzun behar izan dugu, azken urteotan, bi liberaturen beharrik ez zegoela. Orain bai, antza, orain, beste posizio batean gaudela argudiatuz, beharrezkoak dira liberatu biak». EH Bilduk, bada, ez du uste liberatu bi sobera daudenik, baldin eta herriari eskaintzen dioten denbora islatzen bada.
Elkartasunerako prest
Batzordeak zabalak izateaz gain, erabakikorrak ere izateko eskaera egin zuen EH bilduk, eta hala defendatu eta praktikan jarri zuen aurreko agintaldian. Eta oraingoan ere, udal berriak erabakitzeko jarrera ireki, partehartzaile eta elkarrenganakoa gauza dezan ahalegin guztiak jarriko dituztela azaldu dute.
Koalizioaren ustez, koherenteak izatea nahi baldin bada, alkatetzan egon ala oposizioan egon, ontzat jotzen diren neurriak ezin daitezke modu desberdinean baloratu. «Herritarren konfidantzan eragin, eta udal ordezkariek bere ardura betetzeko izan beharko luketeen jarrera trakesten duelako». Ondorioz, euren jarrerari, elkartasunerako prestutasunari, eutsiko diotela azpimarratu dute. «Koherentzia eta erantzukizuna beti», esan dute.