Nagusien bizi kalitatea hobetzeko asmoz jarri du Nagusien plana martxan Ondarroako Udaleko Gizarte-Ongizate Batzordeak. Horregaz batera, zaintzaileei arreta berezia eskaini eta esklusioan geratzeko arriskuan daudenak egoera horretatik ateratzeko helburua ere badu abian den planak.
80 urtetik gorako 600 lagun inguru daude Ondarroan, eta horietako askok dagoeneko udalaren gutuna jaso dute. Bertan, Nagusien planaren berri ematen zaie, gizarte langileek eurekin batu nahi dutela esanez.
Orain arte, udalerrian 80 adineko inguruk erabili dute Gizarte Zerbitzuen etxez etxeko laguntza zerbitzua. Hala ere, badakite asko direla premia izan arren zerbitzu hori eskatu ez dutenak (arrazoi desberdinengatik). Horregatik, zerbitzu horien erabiltzaileak ez diren, baina, beharrizana duten adineko pertsonak izango dira udaleko Gizarte-Ongizate batzordearen lehentasuna. Eta ondoren, ohiko erabiltzaile direnekin edota noiz edo noiz erabiltzaile izan direnekin elkartuko dira haien beharrizanak aztertzeko.
“Aukera guztiak azalduko zaizkie: etxez etxeko laguntza, eguneko zentroa, telelaguntza, Artibai egoitza eta diru laguntzak…”, azaldu du Rakel Elu Gizarte-Ongizate batzordeburuak.
Zaintzaileengan arreta ipiniz
Gainera, Adinekoen planean zaintzaileei “protagonismo handiagoa” eman nahi zaiela esan du: “Zaintzaileak ondo-ondo zaindu beharra dago. Lehendik ere zaintzaileei begira hainbat gauza egiten dira, baina gehiago egin behar da”. Haiekin bildu eta premiak aztertuko dituzte, ongizate arloko zerbitzuak hobeto planifikatzeko asmoz.
Bestalde, adineko pertsonak izan gabe bazterkeria arriskuan dauden herritarrei ere laguntza emango die Gizarte-Ongizate batzordeak. “Denon zeregina da baztertuta daudenei laguntzea”, zehaztu dute batzordetik. Eta gogoratu dute Ondarroan badaudela baztertuta daudenei laguntzeko prestatutako taldeak, gizarte langileak, hezitzaileak, psikologoak eta bolondresak.
Egoera berezietan daudenei laguntzeko gizarte zerbitzuak balio eta diziplina anitzekoak izan behar direla argi dute. Oinarrizko Gizarte zerbitzuak amankomunatuta egonik, legealdi honetan ere horretan lan egitea izango da Ondarroako udalaren helburua, herrian bertan zein eskualde mailan. Horrenbestez, beharrezkoak diren zerbitzuak lortzeko eta gauzatzeko urratsak emango dituzte dagozkion erakundeetan.
“Eskualde mailan badaude hainbat zerbitzu arazo batzuei aurre egiteko, baina Lea-Artibain juxtu gabiltza bazterkerian dauden guztiei akonpainamendua behar den moduan egiteko”, nabarmendu dute.
Jakinarazi dutenez, 2015eko aurrekontuetan diru gehiago gorde dute gizarte zerbitzuen administrazio lanetarako eta dena hobeto planifikatu ahal izateko.