Dorita Ibarzabalena, Markina-Xemeingo etxe bakar dotoreena
Illunzar, Goierri, Atxondo, Barinaga, eta Iturretako auzoetako baserri zahar eta etxe berriak aurkeztu dira lehiaketara, eta orokorrean, etxe ondoak txukun eta garbi aurkitu dituzteela azaldu dute Ekozain ekologia taldekoek. “Paraje ederrak eta etxe zoragarriak ikusi ditugu. Nabaritzen da jende askok zaintzen duela haien etxe inguruak eta gehienak mahiak eta jarrilekoak dituzte etxe kanpoan. Etxe batean frontoi haundi bat ere ikusi dugu”.
Lora asko ere aurkitu dituzte epaimahaia osatu duten bost lagunek etxeak ikustera joan direnean, haien artean, petuniak, surfiniak, geranioak, baltsaminak, berbenak, begoniak, klabelinak, margaritak, kosmosak, kolorezko kalak eta astromeliak. Bai eta usaindun landarak (erromeroa, izpilikua, perrexila, santolina, albaka) eta patatadun lorak (lirio, gladiolo, dalia, agapanto) ere. Landara igokariak (pasio lorea, ipomeak) eta landara krasak (kaktus ezberdinak) ere aurkitu dituzte. “Etxe batzuetan lotuta daude lorak eta ortua, eta soropila etxe gehienetan dago”, azaldu dute.
Etxeen ondo-ondoetan fruta-arbolak ere badaudela ikusi dute, limoiondoak, okaranak, kiwi eta mandarina arbolak eta bananondoak besteak beste. Zuhaizken artean, bestalde, hortentsiak, kameliak, azaleak, errododendroak eta larrosak besteak beste. Etxe batzuen ondoan zuhaitz handiak ere aurkitu dituzte: pinu urdinak, palmondoak, ezkiak eta gorostiak.
Bai Santutxun eta bai Barinagan ere, landara tropikalak eta negukoak elkarren ondoan bizitzen ikusi dituzte, bananondoa eta errododendroa esate baterako.
“Etxe batzuen konpozizio orokorra oso ona da. Lorak, zuhaizkak, zuhaitzak, apaingarriak eta soropila daukate. Landarak eta ortua batera ere ikusten dira”, zehaztu dute.
Apaingarririk ere ez dute falta etxeek. “Mota desberdinetako hesiak dauzkate, irudi ezberdinetakoak, eta lehengo baserriko tresna zaharrak ere aurkitu ditugu; bai eta iturriak eta ur putzuak ere: harri alperra, askak, lixiba harriak, buztarriak, goldak, gurdiak…”.
Irabazleek diru-sariagaz gain, etxeen argazkiekin osatutako liburutxoa ere eraman zuten etxera, bai eta Markina-Xemeingo Udalaren eta Ekozainen eskerrak, lehiaketan parte hartzegatik.
Sariak
- Dorita Ibarzabal, Araba baserria (Etxebarriko bidean): 250 euro
- Itziar Salaberria eta Abel Ibarluzea Lauzirika berri baserria (Santutxu auzoa): 200 euro
- Maritxu Oregi, Oregi berri baserria (Barinaga): 150 euro
- Micaela Barrutia, Patrokua (Meabe auzoa): 50 euro/ Rosario Itza eta Antonio Plaza, Plaza (Illunzar): 50 euro