Gaurkoan [uztailak 23] etxeko gazteenak jaien protagonista bihurtu dira. Hain zuzen ere, Malen Txiki edota Elkartasun Eguna ospatzen ari dira Mutrikun.
Eguna musika eta dantza artean hasi dute. 11:30ak inguruan itxapleroa bota bezain laster, erraldoiek eta buruhandiek kalejiran irten dute Goiko Plazatik. Txistularien lagunduta, herrian zehar dantzan eta saltaka ibili dira Urtzi, Mari, Sorgina eta Akerbeltz erraldoiak. Aurretik euren puxikekin parean aurkitzen zituztenak jotzen ibili dira Txotxolo, Txoro, Oker eta Alper buruhandiak.
Buruhandiak hurbiletik ikusi eta ukitzeko aukera izan dute umeek
Saioa Goiko Plazan amaitu dute, eta atsedenaldian herritarrek buruhandiak eta erraldoiak gertutik ikusteko eta ikutzeko aukera izan dute. Txikienek ez dute aukera galdu nahi izan, eta hantxe ibili dira erraldoien gonapean sartuta edota buruhandiei keinuka.
Ondoren, Gure Ametsa dantza taldeko gazteenak kalejiran sartu dira jendez beteta zegoen Goiko Plazara. Guztira, 100 bat gaztetxo batu dira dantza saio ikusgarria eskaintzeko. Bateko zein besteko dantzak eskaini dituzte eta ikusleek txalo artean hartu dituzte dantzariak.
Dantza ikuskizuna amaitu orduko, aldiz, herritar gazteenak esperoan egon diren momentua ailegatu da. Mutrikuko Ibiri ganadutegiko pottokekin eta zezen txikiekin jolasteko aukera izan dute plazan bertan. Sei pottokaren gainean plazari buelta-buelta ibili dira pozez gainezka.
Umeak pottoka gainean
Horrez gainera, ausartu diren gaztetxoek zezen txikien aurrean sokamutur berezia egiteko aukera izan dute. Guztira, bost zezen atera dituzte kamioitik eta gazteek haien aurrean saltaka gozatu ederra hartu ahal izan dute. Tartean, zezenen bat edo bestek ihes egin du hesi tartetik, eta ikuskizuna ikusten ari zirenek oihu artean ihesi ibili dira zezenaren aurretik.
Herritxaron Malen Jaien eskutik, aldiz, Beheko Plazan Elkartasun bazkarian batu dira 50 herritar inguru. Plazako arkupean eguzki galdatik babestuta, bapo bazkaltzeko aukera izan dute txosna gunetik hurbil.
Ginkanan egindako probetako bat
Arratsaldean, gazteenek ginkana berezi batean parte hartzeko aukera izan dute. Goiko Plazatik hasita, herriko hainbat gunetan probak egin behar izan dituzte puntuak lortzeko. Bost minutuko tartean emaitzarik onenak lortzen ahalegindu dira, eta onenek besteekiko abantaila lortu dute.
Egunari dagokionez, haurren danborradarekin, dantzaldiarekin eta bertso artean amaituko dute.
Bestalde, azken txanpan sartuta indarrak gordetzea tokatuko da. Izan ere, bihar [uztailak 24] eta etzi [uztailak 25] Kuadrillla eta Santixo Egunetan murgilduko dira mutrikuarrak, hurrenez hurren. Bateko zein besteko ekimenetan ondo pasatzeko aukerarik ez da faltako.
EGITARAUAUztailak 24, Kuadrilla Eguna
11:00-14:00. Egañaneko frontoian haur parkea.
11:00. Goiko Plazan, futbito zezenekin.
12:30. Herri txaranga, kalejiran.
17:00-19:00. Haur parkea.
18:00. Sokamuturra.
19:30. Beheko Plazan, berbena: Erokomeri.
20:00. Alma tapatia mariatxiak kalez kale.
23:00. Kontzertuak Beheko Plazan: Soul Rufina, Zezenaren taldea eta Erokomeri.
23:00. Goiko Plazan, Alama tapatia mariatxiak.
Uztailak 25, Santixo Eguna
10:00. Pintura lehiaketaren hasiera.
13:00. Goiko Plazan, okela eta sagardo dastaketa eta bertxotx saioa.
17:00. Goiko Plazan, capoeira erakusketa eta tailerra.
18:00. Zabiel etxean, pintura lehiaketaren sari banaketa.
18:00. Joaldunen kalejira.
Ordu berean. Goiko Plazan, euskal pertsonaia mitologikoak.
19:00. Beheko Plazatik, capoeira kalejira.
19:30. Beheko Plazan kontzertua: Nizuri tazuneri.
22:30. Miruaitz frontoian, zesta-punta partidak.
23:00. Beheko Plazan, kontzertuak: Sustrajah band eta Joxe replay.
23:00. Goiko Plazan, Anaiarte abesbatzaren kontzertua.
Ondoren. Goiko Plazan, DJ Makala.
01:00. Gaztetxean, The sinbusters DJ’s.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.