Diziplina artistiko zabala eta plurala da dantza, eta hala frogatu dute Ondarroako
Artaka eta Donostiako
Kolorearekin elkarte artistikoek. Donostiako
Dferia arte eszenikoen jaialdian estreinatutako
Gorputza dantza ikuskizun inklusiboagaz argi utzi dute edonork duela dantza egiteko gaitasuna, eta, hainbat zentzutan, ezina ekinez egiten dela.
Orain urte batzuk Nahia Iparragirre ondarrutarrak eta Lorea Igartua oƱatiarrak Lorearen Nahia dantza egitea erabaki zuten, eta horren fruitua da Gorputza proiektua ere. Dena kasualitatez sortu zela azaldu du Iparragirrek. Igartua eta Iparragirrek keinuen hizkuntza ikasten ezagutu zuten elkar, eta dantzan irakasteko eskatu zion Igartuak (dibertsitate funtzionala du). Esan eta egin. Orduz geroztik, hainbat muga eta aurreiritzi apurtu dituzte.
Alain Lersundi eta Nahia Iparragirre
Dantza inklusiboaren inguruan buru-belarri sartu dira, eta mugimendua Euskal Herrian ere zabaltzea da, orain, euren helburua. “Euskal Herrian, oraindik ez da existitzen mugimendu hau. Zer hobeto indarrak batu, eta bion artean hori zabaltzeko ahalegina egitea baino?”. Hausnarketa horretatik sortu ziren bai Dferiako proiektua eta bai orain Ondarroan emango duten ikuskizuna. “Iruditzen zaigu dibertsitate funtzionala duen kolektiboak ere jendartean bere tokia izan behar duela. Jendartean sortu diren hesi horiek apurtzen hasteko eta elkarrengana heltzeko ordua da”, azaldu du Iparragirrek.
Eskola eta ikastaroa, berton
Hala, Alain Lersundigaz batera, arte eszenikoen eta plastikoen Artaka arte eskola inklusiboa sortu du Iparragirrek Ondarroan. Igartuak, ostera, Kolorearekin elkartea abiatu du Donostian. Bien eskutik, proiektu aitzindaria ipini nahi dute martxan.
Oraingoz, ikuskizuna eskainiko dute Ondarroan. Baina ez hori bakarrik: dantza inklusiboa jendarte guztiari hurbiltzeko helburuz, ikastaroa eskainiko dute abuztuaren 8an eta 9an Jordi Cortes sortzaile ezagunaren eskutik .
Ikastaroa irekia izango da, eta bertan parte hartu nahi dutenek aurretik eman beharko dute izena. Ikastaroari buruzko informazioa nahi dutenei, Artaka Elkartera jotzeko (Artabide, 27, behea) edota 652-73 81 38 telefonora deitzeko gomendatu diete. “Gure asmoa da ikastarora gerturatzea Lea-Artibai inguruan dibertsitate funtzional fisikoa edota sentsoriala duten herritarrak. Ikastaroan batu, eta etorkizunean talde bat sortu nahiko genuke”, nabarmendu du Lersundik.
Iparragirre eta Lersundi
Artakako kideek proiektua eskualdean sendotu dadila nahi dute, eta aurrerantzean ere antzeko ikastaro gehiago egiteko asmoa dute. Euren esanetan, denen esku egongo den proiektua sortu nahi dute. “Gure nahia da proiektua aberastuz joatea, eta, kanpora joan behar izanik gabe, berton dantza inklusiboa egiteko aukera edukitzea. Gure ametsetako bat izango litzateke berton taldea sortzea eta Lekeitioko Kale Antzerki jaialdian parte hartzea”.
Iparragirrek azpimarratu duenez, gainera, buruan betidanik izan duen nahietako bat da proiektua, eta orain gauzatzen ari da. “Artaka eta Kolorearekin taldeen artean egin den batuketagaz, dantza talde bat sortzen ari gara benetan, eta, niretzat, oso pozgarria da zabaltzea. Hori guztia herrian bertan konpartitu ahal izateak asko gogobetetzen nau”.
Sentimenduak azaleratzen
Taularatuko duten ikuskizunari dagokionez, bere hartan apurtzailea dela nabarmendu dute dantzariek. Zehatz esanda, dantza ikuskizunean dibertsitate funtzionala dutenen artean gai tabu bat taularatuko dute: sexualitatea. “Gaur egun, dibertsitate funtzionala dutenek sexualitaterik ez dutela ematen du, baina behar berdintsuak dituzte. Sexualitatea sarketa baino gehiago da. Dantza zabalagoa izan daitekeen modura, sexualitatea ere gai zabalagoa dela aldarrikatu nahi dugu”.
Lersundi eta Iparragirre
Ordu erdi inguruz, hainbat sentimendu azaleratuko dituzte zortzi dantzarik, Jordi Cortes koreografo ezagunaren zuzendaritzapean. Zortzi dantzarien artean, hirugarren ondarrutar bat ere badago: Nerea Sanchez Larrinaga.
Ikuskizunak irauten duen denbora guztian dantzari denak eszenan egongo dira, gelditu barik, eta argi efektu bereziak eta neurrira egindako musika collage batek indar handiagoa emango dio inprobisazio bidez sortutako dantza garaikideari. Dantzariek azpimarratu dutenez, modu horretara “atmosfera askotarikoak” sortuko dituzte, ikuslea ikuskizunera hurbilduz.