Txanton Pipirri kanpandorrera igota hasiko dira ispastertarrak Santiago eta Santa Ana jaiak ospatzen. Mus txapelketa, umeentzako jokoak,herri bazkaria, antzerkia, mozorro lehiaketa eta gauero berbenak edukiko dituzte festekin muga barik gozatzeko.
Txikienetik nagusienak arte parte hartu ahal dute Ispasterko kros herrikoian. Argazkia: Ispasterko eskola
Kirolak ere izango du bere tartea jaietan, zelan ez. Jadanik ohiko bihurtu den hitzordu batek 26 urte beteko ditu eta aurtengo Santa Ana Egunean, uztailaren 26an: Kros Lasterketa Herrikoiak.
Umeetatik hasi eta beteranoak arte. Nahi duen guztiak izango du aukera Ispasterren zehar aringa-aringa egiteko. Izena, bertan egunean eman behar da udaletxean, 16:30ean zabalduko dute udaletxeko atea izena emateko, eta beraz, zapatillak eta gogoa besterik ez dira behar Ispasterko Udalaren Jai Batzordeak antolatutako kirol proban parte hartzeko.
Ibilbidea
Gazteak izango dira lehenengoak aringa-aringa egiten. Horrela, txikienetik 16 urtera arteko probak 18:00etan hasiko dira.
Adinaren arabera, hiru mailatan banatuta egingo dute korrika. Zortzi urtera arteko neska-mutilek 1,1 kilometro egin beharko dituzte; eurek izango dira lehenak korrika egiten. Gero, 9 urtetik 14 urtera arteko kirolarien txanda izango da, eta azkenik, 15 eta 16 urtekoena. Azken talde biek 2,3 kilometro egin beharko dituzte.
Nagusien krosa, urtero modura, 19:00etan hasiko da. Denak batera aterako dira, baina, 7 kilometroko ibilbidea egingo dute gizonezkoek eta 4,8 kilometrokoa emakumezkoek.
Erkiaga kalean irtengo dute korrikalariek eta Kortazar auzoan zehar emango dute buelta berriro ere herrigunera itzuli eta eleiza eta frontoi atzetik enparantzara abiatzeko. Handik Larrinaga auzorantz joango dira eta Earantzako bidetik zehar itzuliko dira berriro ere enparantza aurrera. Buelta hori guztia bi bidar eman beharko dute emakumeek. Gizonezkoek, berriz, hiru buelta eman beharko dituzte helmugara heltzeko.
Denbora onak
Lagunarteko lasterketa bat modura sotu zen Ispasterko krosa 1990 urtean, gaur egun baina, inguru guztietako hainbat atletismo zalek galdu nahi ez duten hitzordua bihurtu da.
Atleta bikainak parte hartzen dute. Halan erakusten dute ezarrita dauden lasterketako denborek. Mutilen errekorra 21 minutu eta 18 segundotan jarrita dago, eta neskena berriz, 16 minutu eta 48 segundotan. Denbora horiek gainditzea saila bada ere, markak gainditzen dituenak izango du saria. Mutilen errekor berria egiten duenari 100 euroko saria emango diote; nesken errekor berria jartzen duenari, bestalde, 70 euro. Entrenatzen joan beharko da hitzordurako.
SARIAK
Gazteak
8 urtera arte.
1. Domina.
2. Domina.
3. Domina.
9 urtetik 14 urtera.
1. 20 euro eta garaikurra
2. 15 euro
3. 10 euro.
15 eta 16 urte.
1. 50 euro eta garaikurra
2. 30 euro
3. 20 euro.
Nagusiak
Mutilak, 7 km.
1. 150 euro, txapela, garaikurra eta lora sorta.
2. 90 euro
3. 60 euro.
Neskak, 4,8 km.
1. 120 euro, txapela, garaikurra eta lora sorta.
2. 80 euro
3. 50 euro.
Beteranoak.
1. Garaikurra eta lora sorta.
2. Garaikurra.