Eraso sexisten kontrako kanpaina jarriko dute martxan Lekeitioko jaietan
Lekeitioko Potxuak Martxan Talde Feministak eta Emakume Gaztien taldeak, San Antolin jaietarako eraso sexisten kontrako kanpaina aurkeztu dute. “Eraso sexisten kontra, konta niaz!” lelopean, aurtengo helburu nagusia emakumeon arteko laguntza sarea osatzea dela azaldu dute, “autodefentsa feminista eratzea”. Horretarako hainbat ekimen eta tresna jarriko dituzte martxan jaietan: manifestazioa, protokoloa, txiribitua eta txapa.

Potxuak Martxaneko kideak, Jai Batzordeko eta Txosna Batzordeko kideak eta udal ordezkariak, aurkezpenean. Argazkia: Potxuak Martxan
“Azken aldi luzean komunikabideak ikustea besterik ez dago, egoeraren larritasunagaz konturatzeko. Sistema heteropatriarkal honek, etxean, ezkutuan, otzan eta biktima papelean nahi gaitu. Hori betetzen ez dugulako zigortuak gara, erasotuak, zapalduak. Ez da kasualitatea kale-ilunetan ikara izatia, tabernan ezeroso sentitzea, gure itxura eta jarrerengaitik epaituak izatea, dantzan lotsatzea, gure sexualitatea eta desirak erreprimitzea… Emakume eredu bakarra erabakita dute: heterosexuala, formala, argala, garbia, atsegina, behargina… Hor enkajatzen ez dugunean, marimutilak, putak, zoruak edo isterikak gara. Ba bai, horrela aldarrikatzen dugu ganera. Askeak izan nahi dugulako eta askatasun hori lortzera goazelako”, azpimarratu dute Potxuak Martxaneko kideek.
Jaietan ez dutela eraso bakar bat ere onartuko esan dute, eta emakumeek, Lekeitioko kaleetan, trankil eta gustura nahi dutela ibili, “jaiak danenak direlako eta ondo pasatu nahi dituztelako”. Emakume bat erasotua bada, denon artean erantzungo dutela jakinarazi dute. “Erasotzaileek aurrean izango gaituzte. Gure gorputzak geureak dira eta geuk erabakitzen dugu zer jantzi eta noregaz erantzi. Erasotzaileak Lekeition ez dute lekurik, alkohola ez da aitzakia. Edaten ez dakienak ez edatea dauka”.
Laguntza sare feminista osatzeko tresnak
Erasorik ez dutelala onartuko argi uzteko, manifestazioa deitu dute abuztuaren 31rako. Manifestazioa, 21:00etan abiatuko da Tortola kaletik, eta zarata egiteko zer edo zer ekartea eskatu dute. “Jaiak hasi orduko kaleak geureak be badirela adierazteko”.
Emakumeon arteko laguntza-sareak osatzea helburu bestalde, autodefentsa feminista eratuko dute tresna ezberdinak eskainiz. Alde batetik, eraso baten aurrean nola jardun eta ze pauso jarraitu azaltzen duen protokoloa daukate, eta jaijetako programan zein taberna eta txosnetan jarriko dute ikusgai. Bestetik, bateren bat erasotua sentitzen denerako eta ingurukuen babesa eskatzeko, txiribituak banatuko dituzte. “Txiribituak autodefentsa feministarako tresna izango dira”, argitu dute. “Emakumeok jasaten ditugun hainbat egoeren aurrean (ipurdi ukitzeak, ezezkoak ez onartzea, gainean egotea, bortxaketak…), antolatu eta autodefentsa feminista aldarrikatuko dugu. Emakumeok askatasunez ibili beharrean, erasotzaileak dira zigorgabetasunean ibiltzen direnak”. Azkenik, “Eraso sexisten kontra, Konta niaz” txapak banatuko dituzte.
“Emakumeen elkartasunarekin eta herritar guztien erantzukizunarekin erasotzaileak jai guneetatik kanporatuko ditugu. Erasotzailiak ez dauke lekurik eta Lekitto danontzako espazio segurua izatia danon arduria da”.