Auzitegi Gorenak ezetza eman dio Karraspio ondoko proiektuari
Karraspio SOS Mahaiak jakitera eman duenez, Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi du Mendexako Karraspio hondartza ondoko proiektuak ezin duela aurrera egin. 2013ko urrian EAEko Auzitegi Nagusiak proiektua eteteko agindua eman zuen, eta, orain, Espainiako...
Enpresa pribatu batek Karraspio inguruan aparkalekua eta etxebizitzak eraiki nahi zituen. Eta horretarako egitasmoa aurkeztu zuen. Mendexako Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak proiektuari babes osoa eman zioten hasieratik. «Harrigarria izan zen udalak eta aldundiak egitasmoa babestu izana», esan dute egitasmoaren aurka dagoen plataformako kideek.
Proiektua «zentzugabea eta ingurumenarentzako kaltegarria» zela iritzita, SOS Karraspio Mahaia sortu zuten egitasmoaren kontra zeuden herritar batzuek. Mahai horretan «era askotako» jendea batu zen, eta guztien helburua «proiektuari aurre egitea» dela azaldu dute SOS Karraspioko kideek.
Egitasmoari alegazioak aurkeztu eta gero, proiektuaren sustatzaileek egitasmoan aldaketak egin zituzten; etxebizitza blokearen altuera jaitsi zuten, besteak beste. Dena dela, aldundiak, proiektuaren sustatzaileak eta udalak egitasmoagaz aurrera egin zuten, proiektua defendatzen jarraitu zuten, «herritarron eskaerari behin eta berriro muzin eginez», salatu dute. Horren aurrean, SOS Karraspioko kideek, egitasmoa «neurrigabekoa eta legez kontrakoa» zela iritzita, auzia Auzitegi Nagusian salatu zuten, administrazioarekiko auzia jarriaz.
Euskal Autonomi Erkidegoko Auzitegi Nagusiak bi aldeak aztertu eta gero, 2014ko urrian epaia eman zuen, proiektua bertan behera geratuz.
Epai hark ontzat eman zituen SOS Karraspiok emandako arrazoiak, «bai forman bai eta eduki aldetik ere». Auzitegiaren esanetan, «legediaren arabera, mota horretako babesa duen gune batean ezin da aparkalekurik egin, ezta arau subsidiarioetan behinbehineko aldaketarik egin».
Epai horren aurrean, SOS Karraspio Mahaiak «poza» erakutsi zuen. «Espero dugu orain aldundiak eta Mendexako Udalak gogoeta egin, eta norbanako baten proiektuaren defentsan diru gehiagorik ez gastatzea».
Edonola ere, SOS Karraspiok azaldu du gune horretan eta horrelako proiektuen gainean egoten jarraituko dutela.