Beaskoetxea-Aldazabal
Hondarribian jokatu zuten finala joan den asteburuan, Goikoetxea eta Erkiaga II-aren kontra (15-12 eta 15-9). Jai Alai enpresakoak biak, aurrelaririk onena izan da Beaskoetxea gernikarra, eta atzelaririk onena Aldazabal berriatuarra. Txapelarekin pozik dira biak, baita uda honetan jokatutako partidekin ere. Zirkuitu luzeagoa izan dute oraingoan -ia bi hilabete-, eta Gernika Jai Alai enpresa sortu berriarekin aritu dira oraingoan.
Diego, zu, berriro txapeldun.
Diego Beaskoetxea: Bai eta ilusio handia egin digu. Gernika-Lumoko enpresa berri batekin jokatu dugu eta ilusioarekin aritu gara. Niretzat oso pozgarria izan da.
Ibon Aldazabal: Nire kasuan lehenengoz irabazi dut Munduko Txapela. Sekula ezin jakin lortuko duzun edo ez, baina aurten lanak ondo egin ditugu eta, azkenean, lortu dugu.
Txapelketa polita egin duzue, masterrak ere irabazi dituzue… Eskura ikusi izan duzue txapela?
D.B.: Partiduz partidu joan gara, eta lehenenengo garaipen garrantzitsua Gernikakoa izan zen. Hala, finalerdietara sartu ginenean txapela janztea jarri genuen helburu eta, azkenean, lortu egin dugu.
I.A.: Bai, hala izan da. Uda hau apur bat berezia izan da; txapelketa luzea izan baita, ia bi hilabete. Masterretako partiduetan onena eman behar izan dugu puntuak batzeko eta, Diegok esan bezala, gutxinaka-gutxinaka joan gara. Finalerdietarako sailkatu ginenean mentalizatu ginen finala irabazteko.
Hondarribiko frontoiaren ezaugarrietara ez zaudete ohituta; hala ere, garaipenarekin atera zarete.
D.B.: Bai. Han gertatzen dena da kontrakantxa oso handia dela eta pilotariek ezin dute errematatu. Beraz, dena piloteora egin behar da. Eurak, eta, batez ere, Goikoetxea piloteoan irabaztea oso zaila da. Bilur horrekin joan ginen baina, azkenean ondo atera zitzaigun.
I.A.: Hasiera batetik jakin genuen ez zela guretzako frontoi egokia, baina gustura aritu nintzen. Pilota baxuetara jokatu behar izan genuen baina ondo moldatu ginen. Nire ustez, gakoa hori izan da, ondo ulertu dugula elkar uda osoan baina, batez ere, finalerdietan eta finalean.
Txapelketako lehen masterretan bikain ibili zarete, nahiz eta aurten ohi baino luzeagoa izan. Zelan ikusi duzue zuren burua?
I.A.: Niri gustatu zait formatoa, denbora eman digulako jokoa hartzen joateko. Uda osoko txapelketa izanda, gainera, burua kokatzeko denbora ere eman dit. Gure jokoa erakusteko aukera gehiago eman digu.
Zesta puntak udako egutegian bere lekua egin duela uste duzue?
D.B.: Bai, eta nahi duguna da urtean gitxienez 6-8 hilabeterako eskaintza egotea. Hartara, urtean zehar pilotariek hemen ere partidak jokatzeko aukera balute AEBetara joatea aukerazkoa izango litzateke.
Inoiz berriro posible izango dela uste duzue?
D.B.: Lehengo modura agian ez, baina zortzi hilabeteko denboraldia posible ikusten dut.
I.A.: Nik ere posible ikusten dut, batez ere, Gernika Jai Alai enpresa sartu denetik. Gauzak hobetzeko eta zestak bere bidea hartzeko oraindik pauso asko eman behar dira, baina leku onetik goazela uste dut.
Azkenaldian, gainera, jende gaztea ere badabil frontoietan.
I.A: Nire ustez hori da gakoa, jende gaztea delako etorkizuna. Publiko gaztea lortzen baduzu, frontoietara ekartzen badituzu, gerora ere jarraituko du. Kirol hau ezagutuko du, gustukoa izango du… Beraz, zesta-punta publiko gazteari fokatzea aldaketa erradikala da, baina gaur egungo gizartea ikusita, uste dut hori dela bidea. Pozik nago, eta gustukoa dut pilota eta ikuskizuna uztartzeko formato berria.
Zer falta du zesta-puntak?
D.B: Nire ustez, orain, telebistak ere zesta-punta partidak ematea da falta dena. Egin egiten du, baina ETBren laugarren kateak, eta ordutegi ez oso egokian. Gazteak kirol honetara hurbiltzeko eta erakartzeko telebistan ere ikusteko aukera eduki behar dute. Frontoietan orain dagoen mugimendua ikusita, telebistaren bultzada izango bagenu errazago egingo genukeela uste dut.
I.A: Ados nago. Produktu hau telebistarentzat ere oso interesgarria da; berria da, eta esplotatzen hasteko sasoia da.
Afizioaren aldetik, behintzat, kexarik ez duzue.
I.A: Eta eskerrak eman behar dizkiogu Gernikako afizioari. Asko animatu gaituzte, eta asko igarri dugu babes hori. Laguntzaileei eta gu ikustera etorri diren denei eskerrak.
Kosta egiten da berriro AEBetara bueltatzea?
D.B: Asko. Familia eta lagunak hemen utzita goaz, eta badakigu urtebetean ez garela bueltatuko. Hori gogorra egiten da, lehenengo egunetan batez ere.