Antzar Eguna domekan ospatu arren, ehunka lagun bildu zituen, berriz ere, sanantolinetako egun jendetsuenak. 85 potinek hartu dute parte aurtengo antzarren jaian: 62 lekeitiarrenak, 2 Lea-Artibaikoak eta 21 kanpotarrenak.

Rotaflex potina antzarren jaian parte hartzen Lekeitioko portuan. Argazkia: Rotaflex
Jasoera gehien (8 jasoera) Astopotruak potineko Gaizka Lakak egin zituen, baina, ez zuen bururik etetea lortu. Jasoera gehien buruagaz, berriz, (5 jasoera Antzartek antzarragaz) Arrakala Mermel potineko Alexander Cascok egin zituen. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, berdinketa egon zen Salvegaz, baina, denbora hobea egin zuen Arrakala Mermelek.
Dotoretasunaren saria, bestalde, T-Kento potinari emango diote. 300 urteko tradizioa eta plastikozko soluzioa? galdetzen zuen eslogana eraman zuten.
Antzartek gehiago
Hemeretzi potinek aukeratu dute aurten Antzartek, baina, azken antzarra Antzartek zenez eta denboraz justu zebiltzanez, azken lau potinak ere polimerozko antzarra erabili zuten. Beraz, 23 potinek ten egin zioten, azkenean, polimerozko antzarrari: lekeitiarren 15 potinek, Lea-Artibaiko biak eta 6 kanpotarrenak.
Guztira, 26 antzar natural eta 5 Antzartek erabili zituzten jaian. Antzar naturalagaz 15 jasoaldi egin zituzten gehien, eta Antzartekagaz 10.
Urtero modura, sari banaketa bihar, irailak 8, gauean izango da. Gutxi gora-behera 21:30ak aldera da hitzordua, Anteroren igoeraren ondoren, plazako kioskoan.