Irailaren 3tik 6ra bitartean Belfast-en (Ipar Irlanda) jokatu den Europako lur gaineko sokatira txapelketan parte hartu du Basque Country euskal selekzioak. Euskadiko Herri Kirol Federazioak nabarmendu duenez, aurten ere maila ezin hobea erakutsi du selekzioak, “kategoria gehienetan punta-puntan egotea lortuz”.

Mutriku Sokatira Taldeko kideak eta entrenatzailea. Argazkia: Mutriku Sokatira Taldea
Txapelketako lehen bi egunetan kluben arteko txapelketa jokatu zen eta azken bi egunetan, ordea, herrialdeka. Euskal klubei dagokionez, txapelketan estreinaldia egiten Mutriku Sokatira Taldeko gizonezkoak izan ziren. 680 kiloko kategorian txukun aritu ziren mutrikuarrak, baina ezin izan zuten final-laurdenetarako txartelik lortu.

Gaztediko neskak garaipena ospatzen. Argazkia: Euskadiko Herri Kirol Federazioa
Mutrikuarrez gain, beste bi euskal talde ere Belfast-en izan dira egunotan: Laukizko Gaztedi eta Erandioko Goiherri taldeak. Hain zuzen ere, euskal taldeen artean lehen urrea lortzen lehenak Gaztediko emakumeak izan ziren, 560 kilotan. Bertan egon zirenen arabera, Laukizkoek “final zirraragarria” jokatu zuten Holandako Gelderwouderen aurka. Lehen bi tiraldietan berdinketa egon zen, eta azken tiraldian argitu zen txapelketa.

Goiherriko mutilak garaipena ospatzen. Argazkia: Euskadiko Herri Kirol Federazioa
Txapelketaren lehen eguna beste urrezko domina batekin amaitu zuten euskal taldeek. Izan ere, Goiherri A taldeak erraz menderatu zuen Suitzako Stans taldearen aurkako norgehiagoka. Alde bietarantz irabazita eskuratu zuten 560 kiloko lehen postua.

600 kiloko talde mistoa. Argazkia: Euskadiko Herri Kirol Federazioa
Txapelketaren azken bi egunetan, aldiz, nazio mailako txapelketak jokatu ziren. Emaitzarik onenak, espero modura, 600 kiloko mistoa eta 560 kiloko gizonezkoetan lortu ziren.
600 kilotan, esaterako, ez zen urrerik lortzeko aukerarik egon. Hurbil ibili arren, zilarrarekin konformatu behar izan zuten euskaldunek. Suitzarrek tiraldi hobeak egin zituzten, eta beraiek eraman zuten lehen postua.

Mutrikuko kideak Euskal selekzioarekin batera tiraldia egiten, 680 kiloko kategorian. Argazkia: Mutriku Sokatira Taldea
560 kilo gizonezkoetan, ordea, hirugarren postua lortu zuen selekzioak. Pozik geratu ziren tiralariak, baina “gehiago ateratzeko” gai zirenaren iritzia daukate. Selekzioak parte hartu duen beste mailetan ere tiraldi onak egin dituzte, baina emaitza apalagoak lortu dira.