Umeen Eguna ospatzen ari dira gaur, Lekeition. Hori dela eta, ume eta gazte ugari batu dira bai Independentzia plazan bai eta Abadeen moilan ere. Aribeko kultur elkarteak antolatuta, aintzinako jolasetan oinarritutako tailer eta jolasak izan dituzte ume eta gaztetxoek goiz osoan. Margoak eskuetan, lanean ibili dira tronpak margotzen. Lanak amaituta, dantzan jarri dituzte plazaren erdian.

Umeen tailerrak Independentzia plazan.
Abadeen moila bete egin da eguerdi partean, umeen masta-puntakoa ikusteko. Trebezia handia erakutsi dute Lekeitioko gaztetxoek. Hogei gaztetxok hartu dute parte masta-puntakoan, eta mastak gantz nahiko eduki duen arren, gogor eutsi eta hiru ikurrinak bere egitea lortu dute. Galtzerdi lodiak jantzita eta mastari hondarra botata, pausoz pauso ikurrinetara ailegatzen joan dira gazteak. Aringa-aringa joateko, zuzen joateko… Gomendioak eman dizkienik ere ez da falta izan. Gora eta gora eginda, lehenengo ikurrina Unax Aldazabalek eskuratu du; bigarrena Eduardo Taranconek, eta hirugarrena eta azkena, Jokin Ruiz de Erentxunek harrapatu du.

Umeen masta-puntakoan ikurrina hartu dutenak: Jokin Ruiz de Erentxun, Eduardo Tarancon eta Unax Aldazabal.
EGITARAUA
Bihar, Antiguako Amaren Eguna
- 09:00. Txalapartarien kalejira
- 12:00. Meza, umeen eta aittitta-amumen omenez.
- 12:30. Ume jokoak plazan. Izen emotea: 12:00etan.
- 14:30. Lekeitioko nagusien bazkaria.
- 17:00-19:30. Marmu tailerrak, plazan.
- 19:00. Ikara Musikatuak Lekittoko Deabruekin, plazan.
- 20:00. Bi punturen artean dantza ikuskizuna plazan, Alurr dantza taldearen eskutik.
- 21:30. Suzko zezena.
- Ondoren. Anteroren ezkutatzea 2015eko jaiei agurra emateko.
- Antzar jaiko sari banaketa plazan.
- Gero, Koittadua Aittitta Makurra txarangak animatuta.
- Ondoren. Kalejira, Aittitta Makurra txarangagaz.