IBSA-k (Nazioarteko Itsuen Kirol Federazioa) eta Austrian Handicapped Sport Association-ek antolatuta,
Alpine Cup tiro txapelketa ofiziala jokatuko da Innsbruck-en (Austria) irailaren 10etik 13ra bitartean. Nazioarteko hainbat tiratzaile olinpikok parte hartuko dute bertan, eta horien artean izango dira Ager Solabarrieta eta Maite Badiola ondarrutarrak.

Badiola eta Solabarrietako euskal kopako proba bat jokatzen. Argazkia: Kirol Egokituen Euskal Federazioa
Hurrengo egunetan jokatuko den txapelketari dagokionez, tiro olinpiko egokituan Europa mailan jokatuko den lehen txapelketa ofiziala izango da, eta ondarrutarrak bertan parte hartzeko gogotsu joan dira. “Maila honetako txapelketak egiten hastea guretzat oso garrantzitsua da. Modu honetara, paralinpikoetarako bidea zabaltzen goaz”, adierazi du Solabarrietak.
Probei dagokionez, Solabarrietak gizonezkoetan jokatuko diren bi probetan parte hartzeko asmoa du. Espainiako eta Euskal Herriko txapelduna eta bere laguntzailea azken hilabeteotan gogor entrenatzen ibili dira, eta zutikako modalitatean ez eze, etzandakoan ere parte hartuko dute. “Etzandako modalitatean parte hartuko dudan lehen txapelketa izango da Innsbruck-ekoa. Gogotsu eta apur bat urduri ere banago, baina nire mailarik onena ematen saiatuko naiz”.

Maite Badiola eta Ager Solabarrieta
Bariku [irailak 11] eguerdian izango dute txapelketako lehen proba, zutikako 60 tirokoa, eta zapatuan [irailak 12], ostera, etzandako 60 tiroko proban parte hartuko dute. “Aurten, oraindik ere, karabina berriari egokitzen gabiltza, eta ez dugu podiumik egiteko asmo handirik, baina lan on bat egitea espero dugu”.