Eibarko eta Durangoko nagusien errugbi taldeek denboraldi-aurreko bigarren partida jokatu zuten zapatuan [irailak 5] Mutrikuko San Migel futbol zelaian. Mutrikuko Errugbi Eskolak ipinitako hitzorduarekin jende askok bat egin zuen, eta antolatzaileek adierazi dutenez, giro polita egon zen harmailetan bi taldeak animatzen. “Batez ere, Durangotik eta Eibarretik etorritako zaleak egon ziren. Horiez gain, mutrikuarrak ere etorri ziren partidaz gozatzera”.

Partidako jokaldi bat. Argazkia: Mutrikuko Errugbi Eskola
Ohorezko mailan jokatzen duten bi taldeek erakustaldi ederra eskaini zuten, eta zaleek txalo artean eskertu zuten jokalariek zelaigunean egindako ahalegina. Lortutako emaitza gutxiena baldin bada ere, durangarrak lortu zuten garaipena; 15-5 irabazita.
Puntuatzen lehenak eibartarrak izan baziren ere, lehen entseguarekin, azken zatian Durangok partidari tamaina hartu eta hiru entsegu egin zituen, Eibar mendean hartzea lortuaz.

Eibar eta Durangoren arteko partida. Argazkia: Mutrikuko Errugbi Eskola
Antolatzaileak zein bi taldeetako jokalariak gustura geratu ziren partidarekin, eta beste behin ere errepikatzeko gogoarekin geratu ziren guztiak. Azkenik, iluntzean Beheko Plazan egindako partida osteko luntxean ere giro polita egon zen.