Jaietako azken eguna izango dute gaur, lekeitiarrek. Urtero modura, Anterori agur esan eta Koittadua abestuz amaituko dituzte jaiak. Agurraren ordua heldu orduko baina, izango dute egitekorik.
Txalapartarien kalejiragaz hasi dute eguna eta umeen eta aittitta-amumen omenezko mezaren ondoren, umeentzako jokoak egongo dira plazan.

Umeak margotzen plazan egindako tailerretan.
Gaur izango dute bai eta ere herriko nagusiek jaien baitan egiten duten bazkaria. Beste behin ere, Egaña jatetxean bilduko dira Lekeitioko nagusiak elkarregaz jatordu goxoa edukitzeko.
Gauerako prestatzen joan behar dela eta, marmu tailerrak egongo dira plazan arratsaldean Aribeko kultur elkartearen eskutik, eta ondoren, Lekittoko Deabruen ikara musikatuak.
Suzko zezenaren ondoren ailegatuko da Anterori agur esateko ordua, eta ohi duten modura, Aittitta Makurra txarangak jarriko dio doinua Koittaduari.
Raimundo Amadorren kontzertua
Raimundo Amador, jazzez zipristindutako duendedun bluesman-aren kontzertu izugarria ikusteko aukera izan zuten atzo gauean 288 pribilejiatuk Lekeitioko Ikusgarri zine aretoan. Kontzertua 20:00etan hasi zen, goizegi Raimundo Amadorrentzat, kontzertuaren hasieran esan bait zuen “gaueko banpiroak” direla.

Raimundo Amadorrek atzo gauean Ikusgarrin emandako kontzertua. Argazkia: Koldo Leniz
Siestatik jaiki berri bazegoen ere, laister esnatu zen guztiz, eta behin esnatutakoan jo eta ke aritu zen gitarrari sua atera arte.
Bere musikagaz gain, errepertorioan BB King ekarri zuen gogora bai eta bere anaia Rafael. Eric Clapton eta Pata Negran igarotako denborak ere gogoratu zituen.