Andra Mari Eguna goi-goitik ospatu dute Gizaburuagan. Goizeko meza nagusiaren ondoren, Beñat eta Mikel trikitilariek txoko guztiak jai giroan murgiltzen zituzten bitartean, poteoa egin dute herritarrek.

Adin guztietako herritarrek parte hartu dute txapel jaurtiketan
Eztarriak ondo busti eta mokadutxoren bat edo beste jan ostean, txapel jaurtiketa egin dute plazan, aurten bigarrenez. Parte hartzaile nahikoa izan da, eta guztira 31 izan dira saria lortzeko ahaleginetan aritu direnak. Ume, gazte zein helduek parte hartu dute irribarre eta animo artean, eta kasu askotan, etxe bereko hiru belaunaldiek ere parte hartu dute.
Plazan jarritako eremuan egin behar izan dute jaurtiketa eta batzuk asmatu ez badute ere, gehienak ondo baino hobeto moldatu dira. Bakoitza bere estilo propioan txapela ahalik eta urrutien jaurtitzen ahalgindu da probako jaurtiketaren ondorengo bi ekinaldietan.

Jose Luis Azpiazu saria jasotzen
Guztiek egindako markak kontutan hartu ostean, Jose Luis Azpiazu suertatu da garaile. Azpiazuk bi untza eta 88 zentimetroko marka egin du.
Bolo jokoari dagokionez, estreinako egin dute Gizaburuagakoek. Parte hartzea handia izan da, eta denen artean giro ederra ipini dute.

Herritarrak bolo jokoan parte hartzen
Parte hartzaile bakoitza bederatzi boloak botatzen ahalegindu da, eta egia esan, zazpi metroko distantziatik asmatzea ez da erraza izan. Guztiak botatzea lortu dutenak hiru izan dira, eta horiek berdinketa lortu ostean, beste jaurtiketa bat egiten dute berdinketa hausteko.
Azken ekinaldiaren ondoren emaitza onena izan duena Tino Goienola izan da, beste bost bolo bota eta gero.

Tino Goienola saria jasotzen
Ondoren, herriko nagusienak bazkaritan batu dira herriko tabernan. Denetara, bederatzi lagun batu dira eta bateko eta besteko kontu artean egun pasa ederra egiteko aukera izan dute.

Nagusien herri bazkaria
Arratsaldean ostera, briska txapelketa eta umeentzako jolasak izan dira, eta iluntzean tortilla txapelketa eta zumba saioa egin dituzte. Herriko jendeak jaietako lehen egunagaz gozatu ederra hartzeko aukera izan du.
Bihar [irailak 9], Oibarko Egunagaz jarraituko dute jaiek.
EGITARAUA. Irailak 9, eguaztena. Oibarko Eguna
- 11:30. Meza, Oibarren
- 12:00. Hamaiketako Beñat eta Mikel trikitilariekin
- 17:00. I. Bizikleta ginkana
- 19:00. Goitibera antzerkia umeentzat
- 20:30. Jaien amaiera, txokolate eta bolanderekin